Urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean egingo dute 2023ko festibala, eta fantasiazko zinemaren baitako nazioarteko film onenak erakutsiko dituzte hirian. Sarreren salmenta orokorra urriaren 23an jarriko dute martxan.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak 34. edizioko xehetasunak argitu ditu. Urriaren 27an abiatuko dute festibala, eta Vermines (Sébastien Vanič) film frantziarra izango da sua piztuko duena. Antzoki Zaharrean egingo duten irekiera-ekitaldian pantailaratuko dute Veneziako Zinemaldiko Kritikaren Nazioarteko Astea itxi duen lana. Guztira, azaroaren 3ra bitartean, 32 film luze eta 38 film labur egongo dira ikusgai, eta bestelako jarduera paraleloek osatuko dute egitaraua. Junta Yamaguchiren River filma emango dute Beldurrezko Astearen amaiera-ekitaldian.
Ohi bezala, Donostiako Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitza nagusia, eta bertan proiektatuko dituzte sail ofizialeko 23 lanak, tartean, euskal ekoizpena duen La ermita (Carlota Pereda); bigarren emanaldi bat izango du, Victoria Eugenia Antzokian. Ez da izango euskal proiektu bakarra, izan ere, ondoko film laburrak ere egongo dira ikusgai: To Bird or not to Bird (Martin Romero), Betizu buru (Kim Maiteny), El ente (Chema garcía Ibarra eta carlos Navajas), Hado (Rubi Rock), Hitza eman nion (Ekaitz Bertiz), No hay que hablar con extraños (Imanol Ortiz López), Normas de higiene (Amaia San Sebastian), Mundu berri bat (Miel Alvarez Sarriegi) eta Sísifo (Xabier Eizaguirre).
Film laburren maratoiak ere Victoria Eugenia Antzokian egingo dituzte, urriaren 29an, 30ean eta azaroaren 2an. Gaztearekin elkarlanean, Karusell film suediarra zein Lonely Castle in the Mirror animaziozko obra japoniarra ere egongo dira ikusgai. Tabakalerak ere bi saio hartuko ditu: Jessica Hausner zinemagile austriarraren film berriena, Club Zero, 2023ko Cannesko Zinemaldian aurkeztu ostean Sitgesko Zinema Jaialdian parte hartu duena. Bestetik, Sitgesen bertan ere lehiatu den Conann, Bertrand Mandicoren proiektu berriena.
Urtero legez, Kresala Zineklubarekin lankidetzan, saio berezi bat atonduko dute. Urriaren 24an, Tiger Striper (Amanda Nell Eu) egongo da ikusgai, eta aurretik, urriaren 21ean, Bang Bang Zinema elkartearekin batera, saio bikoitzaz gozatzeko aukera egongo da: 28 Days Later (Danny Boyle, 2002) eta Old Boy (Park Chan-Wook, 2003). Haurrentzako bereziki prestatutako saioan (urriak 28, Victoria Eugenia Antzokia) Boo Kwai eta museoaren lapurreta (Wang Yunfei, 2022) animaziozko lana emango dute. Gainera, Sorginaren trenean hiria bisitatu ahalko dute, eta makillaje trailerrean Halloween gauerako behar bezala prestatzeko aukera izango dute txikienek.
Jarduera paraleloak
Beldurrezko Asteak ekainean jakinarazi zuenez, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinema Jaialdiarekin lankidetzan sorginen munduan oinarrituko dituzte bi hitzorduak. Hala, askotako ekimenak antolatu dituzte aurtengo leitmotiv-aren bueltan. Bada, Noviembre Fantasmaren baitan, lau zinemaldi batu dituzte -aipatutakoez gain, Fancine eta Isla Calavera-, edukiak noviembrefantasma.com online plataforman partekatzeko asmoz. Gainera, bi liburu aurkeztuko dituzte –Beso negro: Brujería, cine y cultura pop (Elisa McCausland & Diego Salgado) eta 2000maniacos (Sorginak)-, eta Sorgin-Con kalejirak giroa berotuko du Donostiako Bulebarrean.
Hiru erakusketa bilduko ditu 2023ko egitarauak. Batetik, Japonia Fundazioaren eta Euskadi Japonia 2023ren laguntzarekin antolatua, Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak – Aguilar-Haraguchi bilduma ezagutzeko aukera dago Okendo Kultur Etxean, azaroaren 4ra bitartean. Ekialdeko herrialdeko zinemarekin lotutako elementu grafikoak aurkitu daitezke bertan. Bestetik, Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua: 24 emakume azti biltzen ditu, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotuak, eta fikzioan funtsezkoa den irudikapen bati, gure amets eta amesgaiztoetako protagonista den bati, ohore egiteko bildu dira. Azkenik, Liburutegi Nagusian, Sorgin seinalea erakusketa egongo da eskuragarri, Euskadi Fantastikoaren hemeretzigarren edizioan.
Horiez gain, Fanzineen Gerraren zortzigarren edizioa eta Beldurrola rol-jokoaren bigarrena egingo dituzte. Horiez gain, Donostia Beltzan zehar gaueko ibilaldi batzuk egiteko eta Itsas Museoan Grillos Navajerosen saio berrira bertaratzeko aukera egongo da.
Sarrerak eta Abonuak
Urriaren 20an (ostirala) jarriko dituzte Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asterako abonuak (80 euro) salgai, 11:30ean. Ohartarazi dutenez, hauek modu presentzialean soilik eskura daitezke, Antzoki Zaharreko leihatilan.
Aldiz, sarrera solteen salmenta urriaren 23an jarriko dute martxan, ordu berean. Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean eskuratu daitezke. Sarrera orokorrak 7,5 euro balio du, Tabakaleran egingo diren saioetakoak, aldiz, 4 euro.
Jarraian duzue 2023ko edizioko liburuxka.