AEK – Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak, KORRIKA kulturalaren bidez, euskarazko sorkuntza lan bat sustatzea helburu duen Kutur Sorkutzarako II.beka deialdia abiatu du aurten ere. Diziplina oroko euskal sortzaileak dei egin dituzte beren lanak aurkeztera, urriaren 31a baino lehen.

AEK egitasmoak, beste hainbat arlorekin batera, euskal kulturaren sustapena du xede, betiere gure hizkuntzaren berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz. KORRIKA bera, eta horren baitako KORRIKA Kulturala, dira xede eta jarduera horren adibide bikainak. Izan ere, bigarrenari esker, koordinakundeak kalitate handiko kultur eskaintza bermatzen dio Euskal Herriari, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanaz edota beren baliabide apurrei ahalik eta atarramenturik handiena ateraz. Ildo horretik abiatu zuten orain lau urte Kutur Sorkutzarako Beka deialdia.

Bada, xede hirukoitza du deialdiak:

  • KORRIKA kulturalaren baitan, sormen-lan bat plazaratzea, euskal kulturatik sortutako ekoizpenak bultzatzearren. Izan ere, KORRIKA Kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusiaren osagaia izango da sorkuntza; era berean, euskal sortzaileei bultzada emango zaie, eta KORRIKA Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkezteko lanak sortzen lagunduko du.
  • KORRIKA Kulturalaren barruan, eta hark iraun bitartean, sormen-lan berri bat osorik ekoiztea eta gauzatzea.
  • Bekaren xede den sormen-lan mota: diziplina anitz edo bakarra har dezake, baina emanaldiak agertoki edo plazetan aurkezteko modukoa izan behar du.

Sortzaile bakoitzak bi proiektu baino ezin izango ditu aurkeztu deialdira. Euskaraz sortutako proiektuak izan behar dira derrigor, inon argitaratu gabeak, edozein izanda ere egilearen sorterria, bizilekua, esperientzia edo joera (betiere 18 urtetik gorakoa baldin bada) eta lanaren gaia. 23.000 eurokoa izango da onuradunak jasoko duen zenbatekoa, eta sormen-lana ekoizteaz gain, gutxienez 5 eta gehienez 50 ikuskizun/aurkezpen egiteko konpromisoa hartuko du AEK-k.

Beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31ra bitartean aurkeztu ahalko da, helbide elektroniko honetara bidalita: ekitaldiak@korrika.eus. Jarraian ikus ditzakezue aurkeztu beharreko materialen inguruko azalpenak eta oinarriak.