Sortzaileek azaroaren 22ra bitartean dute aurkeztutako gidoiak dagozkien kokalekuetan filmatzeko aukera. Aukeratutakoen artean ez da euskarazkorik.

Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean antolatutako ekimena da, Nafarroa Zinemaren Lurraldea programa, lurraldeko leku turistikoetan kokatutako fikziozko 10 film labur ekoizten laguntzeko eta erkidegoan turismoa sustatzeko helburua duena. 11. edizioa du aurten ekimenak, eta dagoeneko, iragarri dituzte proiektu finalistak. Hautatutako sortzaileek  azaroaren 22ra arte dute aurkeztutako gidoiak dagozkien kokalekuetan filmatzeko aukera: Viana, Iruñea, Azkoien, Allo, Olazti, Ribaforada, Luzaide, Arguedas eta Urdazubi.

Miguel Gómez-Tejedor EHGEP elkarteko kidea eta gidoilaria; Patxi Burillo zinemagile eta arkitektoa; Iñigo Floristán gidoigile, zinemagile eta ekoizlea; Sara Brun kazetari, idazle, gidoilari eta zinema zuzendaria; Ángela Mejías Hendaia Film Festival jaialdiko zuzendaria; eta Marcos Pereda Nafarroa Zinemaren Lurraldea film laburren jaialdiko zuzendaria izan dira hautaketa-batzordea osatu dutenak. Ondoko 10 film labur proiektuak aukeratu dituzte:

  • ¿Tú qué has hecho?, Ander Osés (VIANA)
  • La paya, Richard Osés (AZKOIEN)
  • Seis mujeres sin piedad, Javier Ursúa (ARGUEDAS)
  • Janeth, Ariel Heredia (IRUÑEA)
  • Última visita, Imanol Reta (OLAZTI)
  • La víctima, Ángel Chivite eta Luis Galindo (RIBAFORADA)
  • Lo importante, Ana Barberán (LUZAIDE)
  • Alas para volar, Cristian Serrano eta Claudia Faubel (URDAZUBI)
  • Wannabe, Pablo Porcuna (ALLO)
  • La niña, Jorge Miranda (IRUÑEA)

Film laburrak jendaurrean pantailaratuko dituzte azaroaren 27tik 30era bitartean, parte hartu duten udalerrietako zinema aretoetan. Antolakuntzaren xedea grabaketarako erraztasun guztiak eskaintzea da, eta beharrezkoa balitz lau lagunentzako egonaldia ordaintzeko prest dira.

Gainera, programaren fasean, bost sari banatuko dituzte: 2.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, argazki onenaren 500 euroko saria, ikusleen 500 euroko saria, eta epaimahaiaren 500 euroko sari berezia. Gainera, interpretazio onena sarituko duten 250 euroko laguntza banatuko dute.

Ezagutu film labur bakoitzaren xehetasunak, HEMEN.