Urriaren 12tik abenduaren 30era bitartean, Buenos Airesen jaiotako zinemagilearen filmografia errepasatuko dute Donostian. Zinemarekiko duen begirada ezagutzeko aukera ere egongo da, azaroaren 11n, Kontatutako Zinea egitasmoaren baitan. Saio guztiak 19:00etan abiatuko dituzte.
Jaiotzez argentinarra bada ere, New Yorken bizi da Matías Piñeiro, eta William Shakespeareren komedietan emakumeek duten roletan oinarritutako Las Shakespeareadas izeneko zinema zikloa garatzen ari da bertan. Pratt Instituteko (New York) zinema irakaslea izateaz gain, Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolako Zinema Sorkuntzako departamentua koordinatzen du. Gaur egun Tú me abrasas film luzea du eskuartean, Cesare Pavesek Safo poetari buruz idatzitako testu batean oinarritutakoa.
Bada, argentinarrari eskainitako zikloa atondu du Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Urriaren 12an abiatu zuten, Viola (2012) eta Rosalinda (2011) filma laburrak pantailaratuz, eta abenduaren 30era bitartean luzatuko da. Shakespeareren obrarekin duen lotura aztertuko du eskaintzak, baita bere zinema egiteko modua ere: “Beti saiatzen da bere pelikulak oso garestiak izan ez daitezen eta, horri esker, hamar urtetan sei film egin ditu. Esan genezake, bere pelikula guztiak nolabait lotuta daudela”.
Zinegilearen lanak ikusteaz gain, Piñeirok zinemarekiko duen begirada ezagutzeko eta bertan sakontzeko aukera ere egongo da. Izan ere, azaroaren 11n hitza hartzera gonbidatuko dute, bere lan prozesu eta proiektu berrien inguruan hitz egin dezan.
Jarraian duzue zikloaren egitaraua:
Urriak 14:
- La princesa de Francia (Matías Piñeiro, 2014) – 67’
- Sycorax (Matías Piñeiro eta Lois Patiño, 2021) – 20’
Urriak 19:
- Hermia & Helena (Matías Piñeiro, 2016) – 87’
Urriak 26:
- Isabella (Matías Piñeiro, 2020) – 80’
Azaroak 11:
- KONTATUTAKO ZINEA: Matías Piñeiro
Bestalde, GUTUN ZURIA egitasmoaren baitan, Piñeirok aukeratutako lau film pantailaratuko dituzte, abenduan. Hilaren 9an, Chimes at Midnight (Orson Welles, 1965); hilaren 23an, Sylvia Scarlet (George Cukor, 1935); hilaren 28an, Conte d’hiver (Éric Rohmer, 1992); eta hilaren 30ean, Dance, Girl, Dance (Dorothy Arzner eta Roy Del Ruth, 1940).
Saio guztiak 19:00etan abiatuko dituzte, eta sarrerak Tabakaleraren webgunean edota zentroaren informazio puntuan eskura daitezke.