Jabi Elortegik zuzendutako eta komedia kutsua duen fikziozko lanak Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktoreak ditu protagonista. Urruneko senitarteko baten gonbidapena onartu eta Argentinako herri galdu batera bizitzera joatea erabakiko duen Mikelen istorioa kontatuko du.
Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen zein Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzioa da, El Vasco (Jabi Elortegi), Argentinako Morrison eta Villa Maria herrietan errodatutakoa nagusiki. Iragan 70. Zinemaldiko Zinemira ataleko irekiera filma izan zen, eta Hego Euskal Herriko zinema aretoetatik igaro ostean, PRIMERAN plataforman estreinatuko dute gaur.
Usabiagak interpretatutako Mikel da filmaren protagonista, bihotza hautsita eta lanik gabe, soilik internet bidez ezagutzen duen osaba urrun baten gonbidapena onartuko duena: Euskal Herria utzi eta Argentinara joango da, bizitza berri bat hasteko gai izango delakoan.
Baina bertara iritsi, eta Euskal Herri txiki bat dirudien herri batean kokatuko da, non bertako argentinarrek, arbasoen lurraldea inoiz zapaldu ez duten arren, sutsuki bizi dute beren euskalduntasuna. Herria zapaltzen duen unetik jabetuko da Mikel herri horretako bizitza Euskal Etxearen inguruan sortzen dela, eta bere iritsieran ‘Super Euskaldun’ bilakatuko da komunitate guztiaren begietara. “Euskaldun-euskaldun” bakarra; pertsonaia ospetsu bat, alegia.
KRITIKA | EL VASCO: Identitatearen fama… eta zama
Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktoreen parte hartzeaz gainera, Eduardo Blanco eta Ines Efron aktore argentinarrek osatuko dute komedia kutsua izango duen fikzio honen aktore-taldea. Filmaren talde-teknikoa, aldiz, ondorengo profesional zerrendak bete du: Jabi Elortegi zuzendaria, Telmo Esnal (zuzendari laguntzailea) eta Jon Sangroniz (argazki zuzendaria).
Primeran plataforma
Euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma jaioberria da PRIMERAN. Euskal parte hartzea duten ikus-entzunezko proiektuek zein nazioartekoek osatzen dute doakoa den eskaintza, ia denak euskaraz edo euskal azpidatziekin. Guztira, 3.000 eduki baino gehiago ipini dituzte ikusgai, eta zerbitzurako propio sortutako edukiak ere hartzen ditu bere gain.
Lehen estreinaldi handia irailaren 28an ospatu zuten, Donostia Zinemaldiko EiTB galan aurkeztu zuten Itxaso (Antonio Díaz Huerta) thrillerrarekin. Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza ditu protagonistak telesailak. Porno Belaunaldia (Generación Porno) dokumental saila ere euskaraz jarri dute ikusgai, telebistan gazteleraz estreinatu baino astebete lehenago.
Fikziozko film luzeei dagokienez, besteak beste, El vasco (Jabi Elortegi, 2022) lanaz gain, Errementari (Paul Urkijo, 2028), Nora (Lara Izagirre, 2020) eta Bazen behin Euskadin (Manu Gomez, 2021) filmak barneratuko ditu plataformak, eta Izaro: Limoiari Eztia (Izaro Andres Zelaieta eta Ander Merino Etxebeste, 2022) eta Iribar, atezaina (Oier Plaza, 2023) dokumentalak topa ditzakezue.
Ikusi HEMEN.