Azaroaren 2tik 12ra bitartean, erresistentzia istorioak ezagutzeko aukera egongo da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Filmen emanaldiez gain, Araks Sahakyan artista armeniarraren Nuit Blanche zauria erakusketa ere egongo da ikusgai.

Hariak zinemaldia 2023-zinea

Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak urteak daramatza munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen, eta eginkizun horretan mugarri izateko helburuz sortu zuen 2022an HARIAK – Erresistentzia istorioen zinemaldia.

Bada, iazko esperientzia positiboa aintzat hartuta, munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zinema zikloak jarraipena izango du aurten ere. Azaroaren 2tik 12ra bitartean egingo dute ekimenaren bigarren edizioa, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, eta dagoeneko ezagun dira ikusgai jarriko dituzten filmak.

Xabier Lertxundi alkateak, Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak, Irantzu Jauregi Kulturartekotasun teknikariak eta Su Hernandez HARIAKeko koordinatzaileak atzo aurkeztu zuten 2023ko programa. Euskal Herritik zein nazioartetik ekarritako hamar film pantailaratuko dituzte (sei film luze eta lau film labur), eta emanaldi bakoitzaren ondoren sortzaileekin edota jorratutako gaian adituak direnekin solasaldiak egongo dira, azaldu dutenez, “errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko”.

Egunero film bana proiektatuko dute, asteburuetarako, aldiz, saio bikoitza aurreikusi dute, goizean (11:00etan) eta arratsaldean (18:00etan). Gainera, HARIAK jaialdiaren bigarren edizio honetan, Araks Sahakyan artista armeniarraren Nuit Blanche zauria erakusketa ere egongo da ikusgai.

Jarraian duzue egitaraua:

Azaroak 2

  • Irekiera-ekitaldia
  • Anahide (Arnaud Khayadjanian, 2021)

Azaroak 3

  • Araks Sahakyan artistaren Nuit blanche performancea eta solasaldia artistarekin.
  • Tombé (Diana Kardumyan, 2018). Ostean, solasaldia Asier Blas Zientzia Politikoetan EHUko doktorearekin.

Azaroak 4

  • Lasarte-Oria, istorio zumez egina (Ihitten elkartea, 2023). Ostean, solasaldia Ihitten elkarteko Idoia Garzes Aldazabal eta Inge Mendioroz Ibañezekin.

Azaroak 5

  • Aunque es de noche (Guillermo García López). Ostean, solasaldia Mujeres de Tabadol plataformako Houda Akrikezekin.
  • The Letter (Maia Lekow eta Christopher King, 2019). Ostean, solasaldia Trifonia Melibea Obono kazetari, politologo, irakasle eta Afrikako emakumeari eta generoari buruzko gaien ikertzaile ekuatoreginearrarekin.

Azaroak 9

  • El caso Freytter (Tonio Hecker, 2023). Ostean, solasaldia Jorge Freytter-Florianekin (17 urte erbestean pasatu ondoren, aitaren hilketa ikertzera bere herrialdera itzuli zena), Julian Martinez Vallejo ikerketa kazetariarekin eta Maria Alejandra Rojas Ordoñez feminista eta lider sozialarekin.

Azaroak 10

  • De la resistencia a la existencia (Pablo Lécaros, 2022). Ostean, Malena Winer Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultateko irakaslearekin.

Azaroak 11

  • Cuerdas (Estibaliz Urresola, 2022). Ostean, solasaldia Urresolarekin eta Meatzaldea Bizirik plataformako Sara Ibañezekin.
  • Arica (Lars Edman eta William Johansson Kalén, 2020). Ostean, Globalizazioaren Zorraren Behatokiko Julia Martí ikertzaile ekofeministarekin.

Azaroak 12

  • Karpeta urdinak (Ander Iriarte, 2022). Ostean, solasaldia Iriarterekin.