Bost euskal proiektu izango dira Shortzinema saria eskuratzeko lehian. Guztira, nazioartetik hautatutako 21 lanek osatuko dute sail ofiziala.
ShortZinema saileko lanen lehen emanaldiarekin abiatuko dute, gaur, 7. Donosskino Donostiako Film Laburren Festibala. Antzoki Zaharrean, 19:30ean piztuko dute proiektorea, eta ez dute urriaren 14ra bitartean itzaliko. Guztira, nazioarteko herrialde ezberdinetatik ekarritako 21 film labur ariko dira lehian, tartean, bost euskal proiektu. Gainerakoak, Espainiako lurraldetik, Suitzatik, Zeelanda Berritik, Italiatik, Frantziatik, Argentinatik, Malaysiatik, Pakistandik, Galiziatik edota Herrialde Katalanetatik datoz.
2023ko edizioan, zinema industriako hiru profesionalek osatuko dute epaimahaia, eta Shortzinema saria eta interpretazio onenaren aitortza erabakitzeko eskumena izango dute: Olatz Beobide aktore eta zuzendaria; Aizpea Goenaga aktore, idazle, gidoigile eta zuzendaria; eta Unai Guerra diseinatzaile grafikoa, efektu bisualen sortzailea, postprodukzio lanetan aritutakoa eta Larrotxeneko ikus-entzunezkoen arduraduna.
Sari-banaketa ekitaldia larunbatean, urriaren 14an, egingo da, 19:30ean, eta bestelako aitortzak ere banatuko dituzte bertan: epaimahai gaztearen Zinemakiddo saria, euskal film labur onena aitortuko duen Etxean Sortuak saria, ikus-entzuleen saria, eta K Saria.
Puxika gorria saioa
Sail ofizialeko lehiatik kanpo, atzera begirako berezi bat atondu dute hilaren 14rako. Datorren Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean erakustekotan diren The Revenge of the Red Balloon (Gregg Rossen, 2000) eta Le Ballon Bleu (Katherine Griffin, 2023) ekoizpenak egongo dira ikusgai. Denek ere lotura zuzena dute Albert Lamorisse zinemagile frantziarraren Le Ballon Rouge (1956) lanarekin, 7. edizioko film omendua izango denarekin. Hain zuzen ere, Kriston Xabier diseinatzaile grafikoak berau izan du jaialdiko kartela sortzeko inspirazio, eta gainera, film labur laudatua Antzoki Zaharreko pantaila handira ekarriko dute, zinemazaleen gozamenerako. Amaiera-ekitaldira, gainera, Griffin eta Rossen zienamgileak gonbidatuko ditutze.
Saio guztietara bertaratzeko sarrerak doan izango dira, eta gonbidapenak Antzoki Zaharrean bertan jaso beharko dituzten interesatuek, leihatila irekita dagoen ordutegian. Urriaren 11tik aurrera, 11:30-13:30 artean, eta 17:00-20:00 artean.
Kontsultatu eskuko programa, HEMEN.