Minerva Camposen, Violeta Kovacsicsen eta Aida Vallejoren proposamenak aukeratu dituzte Estatuko ikertzaileei zuzendutako laguntzen bigarren deialdian. Ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza jasoko dute, bai eta bidaia eta ostatua ere, eta lanak 7 hilabeteetan amaitu beharko dituzte.
Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren deialdiak Minerva Camposen, Violeta Kovacsicsen eta Aida Vallejoren ikerketak sustatuko ditu. Honako hauei buruzkoak dira, hurrenez hurren: Donostia Zinemaldiaren eta Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) arteko harremana, Donostia Zinemaldiaren eta trantsizioko zinemaren historiografiaren arteko gurutzaketa eta jaialdiaren historia soziokulturala, haren espazioen analisien bidez.
Laguntzen bigarren deialdia espainiar estatuan jaio diren edo bizi diren ikertzaileei zuzenduta dago, eta helburu du Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea, testu akademiko argitaragabeak sortzeko, iturri nagusitzat Zinemaldiaren artxibo historikoa erabilita; eta, hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketan jardutea.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatutako batzorde batek joan den hilean ebatzi zituen hiru ikerketa-bekak. Batzordeak Minerva Camposen, Violeta Kovacsicsen eta Aida Vallejoren proposamenak aukeratu ditu, “pluralak eta gairen aldetik egokiak direlako, maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako”:
- Minerva Campos: Donostia Zinemaldiaren “A” jokoan: negoziazioak FIAPFekin eta diplomazia zinematografikoa (1953-1985).
- Aida Vallejo: Topaketak Zinemaldian. Donostia Zinemaldiaren historia soziokultural bat haren espazioen bitartez.
- Violeta Kovacsics: Trantsizioko zinema eta Donostia Zinemaldia.
Ikerketa horiez gain, lehen deialdian, Felipe Cabrerizo idazle eta programatzailearen, Endika Rey irakaslearen eta Neus Sabaté EQZEko alumni eta irakaslearen ikerketak aukeratu ziren (uztailean egin dituzte egonaldiak). Honako hauei buruzkoak dira, hurrenez hurren: eremu sozialistako herrialdeetako ekoizpen zinematografikoa, jaialdiaren eta zinemagile hasiberrien film luzeen arteko harremana eta Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé Donostian berriz elkartzea.
Ikerketa-egonaldia
Ikerketa-egonaldiari esker, hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza jasoko dute, bai eta bidaia eta ostatua ere. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak izango dituzte.
Tabakalera eraikineko egonaldi-fasean –bertan daude Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak–, lanerako eta kontsultarako gune bat izango dute Euskadiko Filmategian. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea izango dute, bai eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea ere, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.
Burutzen dituzten lanek (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira -hautaketa-datatik kontatzen hasita-, baina, behar izan ezkero, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.
Zinemaldia artikuluak argitaratzen ahaleginduko da, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari ospetsuen arteko bitartekari gisa jardungo du. Ikerketa horiek Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen-batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.