Tokyo International Film Festival mostrak iragarri du bost euskal film eskainiko dituela 36. edizioaren programazioaren baitan. Asiako zinema jaialdirik garrantzitsuenetarikoa eta munduko esanguratsuenetarikoa, urriaren 23tik azaroaren 1era ospatuko da.

Euskal zinemaren erakusleiho hau Etxepare Euskal Institutuak Donostia Zinemaldiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, TIFF-ekin egindako lankidetzaren ondorioa da. Bada, World Focus sailean kokatuko da parte-hartze berezi hau, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituzten filmak biltzen dituena.

Batetik, jada nazioartean errekonozitua izan den Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 especies de abejas filmak japoniako estreinaldia izango du TIFF-en. Urresolaren opera primak, hainbat aintzatespen jasoak ditu izen handiko jaialdietan; hala nola, Berlinalen, Malagako Zinema Jaialdian, Hong Kong International Film Festivalen edo edo Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko jaso duen aurre-hautaketa. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan jaso du azkena: Egile Berriak Saria. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.

Bestetik, Isabel Hergeraren Sultanaren ametsa izango da ikusgai. Zuzendari donostiarraren lehenengo film luzea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu berri, eta Euskal Gidoi Onenaren Saria jaso berri du Euskal Zinemaren Galan. Hergueraren animaziozko film honetan, Indian barrena eramango duen iniziazio-bidaia bati ekingo dio Ines protagonistak, 1905ean Bengalan idatzitako zientzia-fikziozko ipuin feminista batek inspiratuta, Ladyland emakumeen lurralde utopikoaren bila.

Jaione Cambordaren azken lana ere, O corno / The Rye Horn, Euskal Leihoaren parte izango da. Filma 71. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko garaile izan da eta, aurretik, Toronto International Film Festivalen parte hartu du ere. Galiziako landa-eremuan kokatzen den pelikula honek, ihes egindako emakume baten istorioa kontatzen du: Maroa itsaskitan bizimodua ateratzen duen emakumea da. Beste emakume batzuei bere erditzeetan arreta eta ardura bereziz laguntzeagatik ere ezaguna da uhartean. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin behar izan du eta bere biziraupenaren alde borrokaraziko duen zeharkaldi arriskutsu bat hasiko du.

Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien Arnasa Betean, emakume zinemagileak dokumentalak ere nazioarteko estreinaldia izango du Tokyon. Atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileak protagonista dituen eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen pieza sinboliko ederra.

Azkenik, Silvia Muntek zuzendutako Las buenas compañías / In the Company of Women filma ere ikusteko aukera izango da. Iragan apirilean Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian. Espainiako diktaduraren azken egunetan emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren Frantziako eta Espainiako mugako euskal ekintzaile talde baten jarduna erretratatzen du lanak.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuak iragarri du ekitaldi bat antolatuko duela urriaren 30ean, Tokioko 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan, Euskal Leihoa aurkezteko. Filmetako zuzendarietako batzuk eta erakundeetako ordezkariak izango dira bertan, euskal zinemaren industriaren topagunea izan nahi duen ekitaldian.