Dokumentalgintzari eskainitako hitzordu berri bat ospatuko du gaur Kanaldudek, Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebistak. Bi Arnas (2021), Hiru Uhinak (2019) eta Kutxabira: Herriz herri euskara oinarri (2021) dokumentalak izango dira ikusgai, 20:00etatik aurrera, Dokumental Gaua deiturikoan.

Jon Mikel Fernandez Elorz zuzendariaren Bi Arnas (2022) dokumentalaren emango dio hasiera saioari, 20:00etan puntuan. Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Bi arnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat.

Ordubeteren bueltan hasiko da bigarren emankizuna, Loïc Legrand zuzendariaren Hiru Uhinak (2019), izen bereko kondaira zoragarri eta amorragarrian oinarritutakoa.  Istorioak aspaldi ostu zion loa zinegileari. Oso zinematografikoa zela uste izan zuen hasieratik: gizona naturaren aurka, sorginak, itsasoa… Era berean, filmak asaldatu egiten zuen, inolako arrazoi jakinik gabe senarra hiltzeko asmoz jardungo zen emakumea baitzuen protagonista. Zein zen kondairak igorri nahi zuen mezua? Eta egun, modu beretsuan kontatuko genuke? Bada, kondaria oinarri hartuta, film bat egiteko erronka luzatu zien zortzi gazteri, eta Kanalduderen laguntzaz, atelier bat antolatu zuen, parte hartzaileei film baten sortze-prozesua erakusteko. Hala, errodaje osoa ikus-entzunezko formatuan jaso du.

Amaitzeko, Amaia Renobales eta Iban Garciaren Kutxabira : Herriz herri euskara oinarri (2019) filmaren emanaldia egingo dute 22:00etatik aurrera. Iparra-Hegoa elkarteak proposatutako ekimena izan zen Kutxabira, euskal diaspora eta laurogei herri baino gehiago zeharkatu zituen ibilaldia. Bada, haren berri ematen du filmak.