Hiru saiorekin abiatuko du egitasmoak bere ibilbidea: Aftersun (Charlotte Wells, 2022), Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi, 2023) eta Paterson (Jim Jarmusch, 2016). Bakoitzaren aurretik, filmaren aurkezpena egingo dute, eta emanaldiaren ostean, solasaldirako tartea egongo da.
Herritarrekin zinemarekiko pasioa partekatzeko asmoz, Gaizka Izagirre kazetariak eta Andrés Daniel Sainz zinemagileak Hernani Zinekluba sortu dute, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Kultura zinematografikoa bere adierazpen guztietan maite eta kalitatezko filmak proposatuko dituzte, hilean behin, Biteri Kultur Etxean.
Atzo, urriaren 3an, aurkeztu zuten zinekluba herrian bertan, eta arduradunek epe laburrean izango duen ibilbidea zehaztu zuten. Hiru saio aurreikusi dituzte momentuz, eta bakoitzaren aurretik, filmaren aurkezpena egingo dute, eta emanaldiaren ostean, solasaldirako tartea egongo da. Izagirrek adierazi duenez, gainera, “gutxienez erdiak euskaraz edo euskaraz azpidatziak eta gutxienez erdiak emakumeen zuzendutako filmak” izango dira.
Urriaren 18an egingo dute lehenengo saioa, eta doan izango da. Aftersun (Charlotte Wells, 2022) pantailaratuko dute, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Jarraian filmaren sinopsia: Sophiek gogoeta egingo du bere aitarekin 20 urte lehenago egin zituen oporretako alaitasun partekatuaren eta galarazitako malenkoniaren inguruan. Benetako eta irudimenezko oroitzapenek irudien arteko tarteak beteko dituzte, ezagutu zuen aita ezagutu ez zuen gizonarekin adiskidetzen saiatuko den bitartean.
KRITIKA | AFTERSUN: Iraganaren aztarna argitsua
Bigarren saioa azaroaren 16an egingo dute, eta euskal film bat ikusteko aukera egongo da, Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi, 2023), zuzendaria eta protagonsitak bertan izango direlarik. Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan izan zuen filmak mundu mailako estreinaldia. Hain zuzen, Euskal Zinemaren Galan proiektatu zuten lana eta Zinemira sailean lehiatu ere, Irizar Saria eskuratzeko.
Filmak bikote bat du protagonista, Lara (Mauleón) eta Daniel (Gastesi); ekaitz egun batean ezagutu zuten elkar eta ezer gutxi mantentzen dute orduko pasio horretatik. Urte asko igaro dira; elkar ezagutu zutenean gazteak eta grinatsuak ziren, eta etorkizunak aukeraz beteriko herrialde urrun bat zirudien.
Orain, haien bideak berriro gurutzatu dira: Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel, aldiz, ez da inoiz hiritik atera, orain bere andregaiarekin bizi da, Verarekin, eta amaren higiezin-agentzian egiten du lan. Larak eta Danielek salgai den etxebizitza baten bisitaldian egingo dute topo. Baina agian ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Iraganaren eta orainaren artean, filmak beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen du.
KRITIKA | GELDITASUNA EKAITZEAN: Eta gertatu izan balitz?
Azkenik, abenduaren 13an, euskarazko azpitituluekin proiektatuko dute Paterson (Jim Jarmusch, 2016). Paterson autobus gidari gaztea da, eta New Yersey (AEB) estatuko Paterson hirian egiten du lan. Country abeslari izatearekin amesten duen neska-lagunarekin bizi da, eta berak ere badu amets ezkutu bat: poeta izatea. Bitartean, autobusa gidatzen jarraituko du, eta egunerokoan suertatzen zaizkion jazoerak pantailaratuko ditu filmak. Cannes, Toronto eta New Yorkeko zinema jaialdietan aurkeztu zuten.
KRITIKA | PATERSON
Lehenengo saioa doan izango da, eta gainerako bietara bertaratu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dute. Gonbidapenak eta sarrerak kultura.hernani.eus webgunean eskatu daitezke.