Jaialdiko arduradunek jakinarazi dutenez, zinemagile donostiarraren jaiotzaren 80. urteurrenarekin bat eginez, orain arte argirik ikusi ez duen sortzailearen artxiboko material guztia proiektatuko dute, Espainiako Filmategiak digitalizatutakoa.

A-Z-Zulueta-zikloa-zinebi-zinea

Iván Zuluetaren ibilbide profesionalak 1980an jo zuen gaina, Arrebato filmaren estreinaldiarekin. Zirukuitu komertzialean izugarrizko porrota jasan bazuen ere, badu tokitxoa zinemaren historian. Espainiar zinemagintza underground-eko gailurra dela deritzote askok, eta nazioartean ere klasiko bilakatu da. Baina Zuluetaren ondareak gehiagorako ere ematen du, eta orain, Espainiako Filmategiari esker, 4K formatuan berreskuratu eta digitalizatutako material guztia ikusgai izango da ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian.

Azaroaren 10etik 17ra bitartean ospatuko dute 65. edizioa, eta bertan, Zuluetaren artxibo material argitarau gabea erakutsiko dute A/Z Zulueta inédito izenburupean: “Ia zortzi orduko materialak dira, galdutzat jotzen zirenak edo horien existentziari buruzko ia konstantziarik ere ez zegoena. Material horiek bost hamarkada hartzen dituzte: 30eko hamarkadatik, filmatzen zutenak Ivánen gurasoak zirenean, 80ko hamarkadaren amaiera arte”.

Josetxo Cerdán Los Arcosek eta Miguel Fernández Labayenek komisariatuta, azaroaren 15ean egingo da proiekzio nagusia, ZINEBI ospatu bitartean, zikloko azken programa izango dena hain justu, Apuntes y bocetos izenekoa. Zuluetak 1969 eta 1987 bitartean filmatutako materiala biltzen du, eta ondoko profesionalek hartuko dute parte: Valeria Camporesi Espainiako Filmategiaren zuzendaria; Miguel Fernández Labayen A/Z Zulueta inédito zikloko komisariokidea, Carlos Muguiro zinemagile eta EQZEko zuzendari akademikoa, Pablo La Parra Pérez Donostiako Zinemaldiko artxibo-proiektuaren koordinatzailea; Pablo Maravi eta Libe Belandia, VideoFlux (UPV/EHU) euskal bideoartearen ikus-entzunezko artxiboa ardatz duen ikerketa-proiektuaren ordezkariak.

Pantailaratu beharreko piezen kopurua dela-eta, gainerako programa guztiak Golem Alhondiga zinemetan ikusi ahal izango dira, ZINEBI ofizialki hasi baino astebete lehenago.

  • Azaroaren 2an, Las películas de Consuelo y Antonio, Aloha eta La celebración de la carne programak ikusi ahal izango dira. Zuluetaren lehen home movie laburrak barne hartzen ditu aurrenekoak; Donostiako bahian kokatutako jauregi familiarrari erreferentzia egiten dio bigarrenak; sexualitateari buruzko topaketak jasotzen ditu hirugarrenak.
  • Azaroaren 3an, Fugas y escapadas, Viaje al final de la noche eta Alrededor de Arrebato programak erakutsiko dituzte. Lehenengoak, Marokon, Kalifornian eta Parisen hartutako irudiak biltzen ditu; bigarrenak, lagunekin eta ezagunekin egindako festak jasotzen ditu, hala nola, Cecilia Roth, Luis Cobos, Javier Gurruchaga, Vicente Ameztoy, Jaime Stinus, Juan Cruz Unzurrunzaga edota Antonio Gassetekin; hirugarrenak, bere film mitikoa garatu bitartean izandako hausnarketak dira.

Omenaldia, Arriaga Antzokian

Azaroaren 18an, larunbata, Los Planetas bandaren liderra den J-k zuzeneko emanaldia eskainiko du Arriaga Antzokian. Gipuzkoar zinemagilearen artxibo filmikoaren zati bat (Plena Pausa izenekoa) musikalizatuta proiektatuko da.

Filmeko material guztiak aldatu gabe eskainiko dira, Iván Zuluetaren artxiboan agertu ziren bezala, Londres nocturno, Películas familiares (años 30 y 40) eta Películas familiares (años 50) filmen laburpen batzuk izan ezik. Guztiak artxiboaren parte dira, baina ez zituen Zuluetak filmatu. Orain, okasiorako, Andrés Duque zinemagileak muntatu ditu.