Josu Martinezek zuzendutako euskarazko film luzea lehiaz kanpo erakutsiko dute Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldiko 10. edizioaren baitan. Urriaren 3an, Le Select zinema aretoan egongo da ikusgai, 17:15ean.
Etorkizuneko zinemaren habi izan nahi du Fif StJeanDeLuz – Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldiak. Hala, zinemagile hasiberrien fikziozko lehenego eta bigarren film labur zein luzeak programatzen dituzte sail ofizialetan, eta gainera, sortzaile eta indsutriako profesionalen arteko loturak estutzeko bilgune ere bilakatu da. 2023ko edizioari gaur bertan emango diote hasiera, 21:00etan, Cannesko Zinema Jaialditik datorren Butterfly Vision (Maksym Nakonechnyi) filmarekin. Festibala hilaren 8ra bitartean luzatuko da.
Nazioarteko 10 fikziozko film luze, eta 8 film labur, lehiatuko dira ekitaldi bukaeran banatuko dituzten sariak eskuratzeko, eta aitortzak erabakitzeko ardura hiru epaimahaik izango dute. Batetik, epaimahai ofiziala Agnès Jaoui eta Sara Sucoaktore aktore eta zuzendariek, zein Guillaume de Tonquedec, Alysson Paradis eta William Lebghil actoreek osatuko dute. Bestetik, Brigitte Baronnet, Justina Boivin eta Laura Pertuy kazetariek kritikaren saria ebatziko dute. Azkenik, gazteriaren epaimahaiak bere aitortza emateko aukera izango dute. Ikus-entzuleek ere boza bidez gustukoen lanak goratuko dituzte.
Euskara presente
Lehiaz kanpo, Josu Martinez zinemagile bilbotarraren BIZKARSORO film luzea ikusteko tartea egongo da. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu berri da, eta urriaren 3an, estreinaldia izango du Ipar Euskal Herrian. Donibane Lohitzuneko Le Select zinema aretoan pantailaratuko dute, 17:15ean.
Existitzen ez den herri batean kokatutako bost istoriok osatuko dute filma. Hala, Euskal Herri osoko lekukotza, testigantza eta idazkietatik abiatuta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek.
Irakurri filmaren kritika, jarraian: BIZKARSORO: Euskara behar du herriak