Bukatu da, se akabo. Donostiako Kursaal auditorioan egin berri duten amaiera ekitaldian banatu dituzte 71. Donostia Zinemaldiko sariak, eta jatorriz donostiarra den Jaione Cambordaren O Corno izan da garaile nagusia, Urrezko Maskorra eskuratuta. Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, aldiz, Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang taiwandarrek jaso dute, eta Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra  Tatsuya Fuji (Great Absence) japoniarrak eta Marcelo Subiotto (Puan) argentinarrak eskuratu dute, ex-aequo.

71ssiff-irabazleak

Kursaalaren atarian orotariko iruzkinak entzun diren arren, oro har, eskaintzarekin pozik azaldu dira jaialdiko ikusleak, kazetariak, kritikariak eta industriako kideak. Ederra egin dute 71. edizioa, zorionekoa ospakizuna eta ederra elkargunea Kursaal ingurumaria. Gure uste eta kinielak alde batera, Epaimahai Ofizialak izan du azken hitza palmaresa ebazterako orduan. Denetariko iritziak entzun dira jakintsuen artean, eta palmaresak zorioneko bilakatu du Jaione Camborda zinemagile donostiarra, izan ere, bere bigarren film luzeak, O Corno lanak, Urrezko Maskorra irabazi du.

Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, bestetik, Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang taiwandarrek eskuratu dute, Chun Xing / A Journey in Spring filmean egindako lanari esker; eta aurten hirugarrenez generoa bereizi gabe banatu duten Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra ex-aequo banatu dute: Tatsuya Fuji (Great Absence, Kei Chika-Ura) eta Marcelo Subiotto (Puan, María Alché eta Benjamín Naishtat).

Epaimahaiaren Sari Berezia, bestetik, Kalak (Isabella Eklöf) lanarentzat izan da, eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren saria, aldiz, María Alché eta Benjamín Naishtatek idatzi duten Puan-entzat.

Euskal Zinemaren Irizar saria, bere aldetik, Sultanaren ametsa / El sueño de la sultana (Sultana’s dream) filmak jaso du, “zinemak eskaintzen dituen baliabideak mimoz lantzeagatik eta lan finaren eredu delako”. Kristina Zorita, Mikele Landa eta Telmo Irureta epaimahaikideen eskuetatik hartu du Isabel Herguera zuzendariak golardoa: “Eskerrik asko hain proiektu arriskutsu baten alde egin duten ekoizleei, guk egin nahi genuen bezala egiteko askatasuna emateagatik. Sultana’s dream liburua aurkitu nuenean, lehenbizi amona, ama eta ni baino lehen etorri diren emakumeak izan nituen gogoan, baita atzetik datozenak ere. Amets hau errealitate bihurtzen lagundu diguten emakume guztiei eskaintzen diet saria”.

Jarraian duzue jaialdiko palmares osatua:

  • Film Onenaren Urrezko Maskorra: O Corno, Jaione Camborda
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Kalak, Isabella Eklöf
  • Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra: Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang, Chun Xing / A Journey in Spring
  • Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra, ex aequo: Tatsuya Fuji (Great Absence, Kei Chika-Ura) eta Marcelo Subiotto (Puan, María Alché eta Benjamín Naishtat)
  • Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra: Hovik Keuchkerian (Un amor, Isabel Coixet)
  • Gidoi Onenaren Epaimahaiaren saria: Puan, María Alché eta Benjamín Naishtat
  • Argazki onenaren Epaimahaiaren saria: Kalak, Isabella Eklöf
  • Kutxabank – Zuzendari Berriak saria: Bahadur The Brave, Diwa Shah
  • Horizontes Latinos saria: El Castillo / The Castle, Martín Benchimol
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: El auge del humano 3 / The Human Surge 3, Eduardo Williams
  • Zabaltegi-Tabakalera saria – Aipamen berezia: El juicio / Tre Trial, Ulises de la Orden
  • Donostia Hiria publikoaren saria: La sociedad de la nieve / Society of the Snow, J.A. Bayona
  • Europar Film Onenaren saria: Io Capitano / I’m Captain, Matteo Garrone
  • Euskal Zinemaren Irizar saria: Sultanaren ametsa / El sueño de la sultana (Sultana’s dream), Isabel Herguera eta Gianmarco Serra
  • Culinary Zinema Film Onenaren Saria: La Passion de Doddin Bouffant / The Pot au Feu, Tran Anh Hung
  • Euskal Gidoigileen Elkartea saria: Isabel Herguera eta Gianmarco Serra, Sultanaren ametsa / El sueño de la sultana (Sultana’s dream)
  • Egile Berriak saria: Esti Urresola, 20.000 erle espezie
  • Gazteriaren TCM saria: La estrella azul / The Blue Star, Javier Macipe
  • FIPRESCI saria: Fingernails, Christos Nikou
  • FEROZ Zinemaldia saria: Un amor, Isabel Coixet
  • TVE Beste Begirada bat saria: The Royal Hotel, Kitti Green
  • TVE Beste Begirada bat saria, aipamen berezia: All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson
  • GEHITU Elkartearen Sebastiane saria: 20.000 erle espezie,Esti Urresola
  • GEHITU Elkartearen Sebastiane saria, aipamen berezia: Gabi, 8 urtetik 13 urtera, Engeli Broberg
  • Euskadi – Basque Country Agenda 2030 saria: Bâtiment 5 / Les Indésirables,  Ladj Ly
  • Lurra-Greenpeace saria: Aku wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist, Ryusuke Hamaguchi
  • Coperacion Española saria: La estrella azul / The Blue Star, Javier Macipe
  • DUNIA AYASO saria: Creatura, Elena Martín Gimeno
  • DUNIA AYASO saria, aipamen berezia: Mientras seas tú / Mentre siguis tu / While You’re Still You, Claudia Pinto Emperador
  • SIGNIS saria: All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson