Zuzendaria: Henry Bernadet

Urtea: 2023

Herrialdea: Kanada

Saila: NEW DIRECTORS

Henry Bernadetek 2008an egin zuen debuta À l’ouest de Pluton/West of Pluto filmarekin, eta LES RAYONS GAMMA bere bigarren lanarekin lehiatzen ari da New Directors atalean. Bertan, Montrealen bizi den gazte talde baten belaunaldiko erretratua eskaintzen dio publikoari, fikzioaren eta dokumentalaren arteko hibrido bat; hartara, aktoreen bizitzan eta nortasunean inspiratuta eraiki du narrazioa.

Filmatze-lanak abiatu zituenean gidoiaren heren bat besterik ez zegoela prest azaldu du zuzendariak, “eszena nagusiak eta lerroren bat”; bada, aktore bakoitzari -aktore ez profesionalak- eskatu zion elkarrizketaren muina askatasun osoz, bere hitz propioekin, interpretazu zezan. Film zintzo eta erreala da emaitza.

Abdelen bizitza lasaia aztoratu egingo da bere lehengusu lotsagabea uda harekin igarotzera iristen denean. Bere aldetik, Fátimak –supermerkatu batean kutxazain gisa lan berri bat hastear dagoenak– bizimodu egonkorragoa nahiko du. Amaitzeko, arrantzan ari dela, barruan mezu bat daraman botila bat aurkituko du Toussaintek.

Arestian aipatu dudan bezala, filma erretratu kolektibo gisa irakur badaiteke ere (belaunaldiari dagokionez), beren oraina eta etorkizuna beren kabuz -edo helduen laguntzarik gabe- jasaten dituzten eta komunean adina besterik ez duten hiru gazteren istorio pertsonalak txandakatzen ditu Bernardetek, beti ere, begirada fin eta sentikorraz.

Finean, gazteei buruzko film bat da. Periferiatik, ertzetik, bere ingurua ezagutzen doazen heinean, bere etorkizunaren hitzaurrea idazten doazen gazteak. Hain zuzen, bakoitza garatzen doan izaeraren ezaugarri emozionala nabarmentzen denean hartzen du benetako garrantzia multzoak. Eta orduan bilakatzen da errelatoa kolektiboa eta generazionala.