great absence-zinea

Zuzendaria: Kei Chika-Ura

Urtea: 2023

Herrialdea: Japonia

Saila: SAIL OFIZIALA

Adimenaren galerak eragindako kaosa ispiluen labirintoa bailitzan iradokitzea izan zen Genki Kawamuraren lorpen handiena Hyakka / A Hundred Flowers filmean. Japoniarrak 2022ko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen bere opera prima, eta zuzendari onenaren saria eskuratu zuen. Bada, aurten, herrikide duen Kei Chika-Urak gaiari berriz heldu dio, eta efemeridea errepikatzeko hautagaia da, sail ofizialean aurkeztu duen GREAT ABSENCE obra sentikorrarekin.

Gaixo dagoen etxekoandre baten oroitzapenek etengabe talka egiten zuten Kawamuraren lanean, horiek norberarengan birproiektatuz, eta errealitatearekin nahastuz. Chika-Uraren protagonista, ordea, unibertsitate irakaslea den Yohji zaharra izango da, bere barrenetan iltzatuta dagoena, dementziak giltzaperatutako espetxean preso. Adimenaren kontrola erabat galduta.  Kontaketan aurrera eta atzera eginez, modu zatikatu eta fragmentarioan murgilduko gaitu Chika-Urak Yohjiren unibertso galdura, eta haren adimenaren pitzadurak sufrituko dituen Takashik apurka-apurka familiarteko istorio ilun eta ezkutuak deskubrituko ditu. Iraganera bideratutako begiradek eta keinuek indartu egingo dute istorioaren sentiberatasuna, semeak aitarengan bilatuko dituen galderek erantzun argirik ez baitute aurkituko.

Bada, Hyakka / A Hundred Flowers filmeko ispiluen metaforak bisualak eguneroko edota liburuxka baten forma hartuko du GREAT ABSENCE-n, eta bertan gordetako eta bildutako idazki, gutun, argazki eta mezuek korapilatuko dute narrazioaren denbora-lerroa. Horiek irakurri ahala, ordura arte ezagutzen zuen errealitatearen desitxurapenarekin egingo du topo Takashi semeak, zinemagilearen apustu estetikoa memoriaren izaera hauskorrean babestuz.