mirande-zinea

Zuzendaria: Josu Martinez

Urtea: 2023

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA

Artista eta bere obra banatzea ez da batere erraza, are gehiago gaur egun. Politikoki zuzena denaren diktadurapean bizi gara, eta deuseztapenaren kultura deritzonak talka egiten du, sarri, adierazpen askatasunarekin. Bada, euskaradun artean, eta dagokigunari erreparatuz, literaturan, bada auzion biktima izan den figura berezia bat, erreferentea bezain baztertua, miretsia bezain gorrotatua. Jon Mirande du izena, eta haren berririk ez duenak badu dagoeneko goxokia. Motibazio pertsonalek bultzatuta, inolako epairik bota gabe hurbildu gaitu Josu Martinez zinemagile bilbotarrak horrenbesteko eztabaida sortu duen idazle paristarrarengana. 

XX. mendeko euskarazko literaturagile iraultzaileenetakoa izan zen, bere garaiko konbentzio guztien kontra, euskara kalera atera zuela esan daiteke, nolabait, beste hizkuntzetan jorratuak ziren gai polemikoei helduz. Ondorioz, arrazista, pedofiloa, nazia edota inmorala izatea leporatu izan diote, baina sekula ez zaio bere burua publikoki defendatzeko tarterik eskaini. Martinezek luzatu dio aukera, eta nola gainera. Inoiz gertatu ez bezala, zer-eta, hari propio eman dio hitza, bere inguruan esandakoak baieztatu edota ezeztatu diezazkigun. Eta horretarako, zinema-dispositibo erakargarria bezain inteligentea erabili du.

Peio Bareterretxe aktoreak interpretatuta, Mirande ikusi egingo dugu, hezur-haragitan. Baina ez fikziozko istorio baten baitan, ez. Zinemagileak zuzenean elkarrizketatuko du, eta honek, bizi zen artean idatzitako gutunetatik, hausnarketetatik eta sentimenduetatik abiatutako erantzunekin emango dio kontrapuntua. Mirande bere hitzek sortzen dute, aldiz, lagun, senide eta hurbileko izan zituenen oroitzapenek haren gainean eraikitako errelatoak izango dira.

Begirada kritiko ezberdinak uztartuz -Joseba Sarrionaindia eta Itxaro Borda idazleak, Amaia Elizalde ikerlaria etab.-, paristarra benetan ezagutzeko ezintasunaz hitz egingo digu Martinezek, era berean, bere ikerketa-prozesuaren ispilu dena. Hala, MIRANDE, FILM BAT EGITEKO ZIRRIBORROA pelikulak ohore egingo dio tituluari, bertan aurkeztuko zaizkigunak ez baitira bilatutako galderen erantzunak izango, tintaz betetzeko zain dauden koaderno potolo baten orri zuriak baizik.