Zuzendaria: Michel Franco
Urtea: 2023
Herrialdea: Mexiko, AEB
Saila: PERLAK
Michel Franco mexikarrak bere aurretiazko lanetan, Nuevo Orden-en kasu, bortizkeriaren inguruko tratamenduak plazaratu izan ditu, hertsiki arrazionala den hortatik ihes egiten duten jokabideak aztergai dituela. Memory bere azken pelikula honekin inkonszientearen oihartzun hori mantentzen bada ere, biolentziaren alorra eremuz kanpo geratuko da uneoro, zalantzakor eta iheskor den espazio abstraktu horretan, iraganaren mamu harrapaezin (baina beti presente) horretan.
Sylviak (Jessica Chastain, aurtengo Zinemaldiko protagonistetako bat; sekulako erakustaldia eskaintzen du pertsonaia konplexu honen eraikuntzan) zauri sakona du haurtzarotik, bere bizitza ibilbidea baldintzatu duena. Gizarte langilea eta neska nerabe baten ama, bere osasun mental ezegonkorra orekatzea lortu du, nola edo hala. Egun batean, edonola, Saul, (Peter Sarsgaard, Volpi kopa balio izan zion pertsonaia da hau), ezagutzen ez duen gizona (edo bai?) segika hasiko zaio festa batetik ateratzean, oinez zein metroz (sekuentzia hau filmak duen une gogoangarrienetako bat da). Gizonaren jokabideak ez dauka itxurazo zentzurik, laster jakingo dugu dementzia goiztiarra duela, ez duela oroitzapen berririk sortzeko gaitasunik, eta etengabeko laguntza behar duela edozertarako.
Hala, bi pertsonaien arteko elkartzeak sartuko gaitu memoriak dituen ondorioen inguruko kiribil emankorrean. Oroitu nahi eta ezin. Ahaztu nahi eta ezin. Bi infernu erabateko bere desberdintasunean bateragarri izango direnak.
Istorioak sinesgarritasunean edo pertsonaien koherentzian zamaren bat izan dezake, drama erromantikoaren lurraldeak akaso ez doazkio ongi istorioak daukan hondo garratzari, baina pertsonaien, batez ere Sylviaren, arku dramatiko eta sinbolikoa osatzen laguntzen du. Eta bidetik, Francorengan ohikoak diren eztanda eszenak bisualki era zoragarrian plazaratuko dira, plano orokor soilez eta mozketarik gabe, kasik antzerkiaren lurraldean sartuta.
Ez da pelikula borobila, bukaerak hari gehiegi utziko ditu zintzilik, erritmo arazoak daude hainbat pasartetan, baina oroitzeak daukan indar alegorikoaren inguruko parabola ederra eratzen du Francok. Azken finean, gure nortasuna bera, zorion zein zauri, pilatutako memoria aztarnek osatzen dute.