Contadores-filma-zinea

Zuzendaria: Irati Gorostidi

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zabaltegi-Tabakalera

Erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzaileak dira Irati Gorostidiren CONTADORES film laburraren bihotza. 1978an Trantsizio bete-betean, metalaren hitzarmen berri baten negoziazioetan dago kokatuta, eta bisualki garai hartara eramango gaitu. Iaz hil zen Jean-Luck Godardek bere etapa militantean burututako pelikulen itxura hartuz, langile mugimenduaren borroka etsiari emango dio Gorostidik paso.

Idatzi eta fabrikako gainerako kideen aurrera aurkeztu beharreko manifestua eztabaidatzen ari dira langileak lehenik; patronalak eskainitako proposamena onartu edo ez erabaki beharko dute ostean, atsedenaldia bukatzear dela iragartzen duen txirrinak jo aurretik. Baina entzungo ditugun iritzi eta hausnarketek fabrika eta industria arlotik haratago doaz, gizartearen ispilu baitira, eta horretantxe datza 2022ko KIMUAK katalogoan aukeratutako film laburraren handitasuna. Denboran etenda dauden konfliktoak izatetik urrun, egun ere kalean daudenak dira, bizi-bizi.

Gorostidik esku artean duen Anekumen film luzearen parte da CONTADORES, printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarrituko den lana.