Zuzendaria: Dolores Fonzi

Urtea: 2023

Herrialdea: Argentina – Espainia – AEB

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zinemaldiko zurrunbiloaren beterano gisara –El aura, Truman, Distancia de rescate edo La cordillera filmak aurkeztu ditu eta 2017an Epaimahai Ofizialeko kide izan zen- opera prima duena aurkeztu du Dolores Fonzik 71. edizioko Horizontes Latinos Sailean.

Blondi amatasunari buruzko komediarekin egin du debuta argentinarrak: Blondi eta Mirko lagun minak dira. Oso gustura bizi dira elkarrekin, musika bera entzuten dute, film berak ikusten dituzte, marihuana erretzea gustatzen zaie, errezitaldietara joatea, lagun berberak dituzte, dena perfektua da euren artean… Baina, ia adin berekoak diruditen arren, Blondi Mirkoren ama da.

Ama bat eta seme bat, familia eredu normatibotik aldenduriko bizimoduaz eta, bizikidetzaz gain, zaletasunak eta lagunak ere partekatzen dituztenak, bizitza bera eta honen gora-beherak igarotzen doazen bitartean. Arimarik punkienek, indartsuenek, gazteenek, zuhurrenek edo axolagabeenek ere egiten baitute topo errutinak, bakardadeak eta mendekotasunak eragindako beldur itogarriekin. Eta horien aurrean, denok hartzen dugulako bide bera: ihesa. Aurrera egiteko; lotzen zaituen horretatik aldentzeko; erantzunkizunak norberaren gain ez hartzeko… edota bizirauteko.

Feel good movie betea, lotsagabe eta dibertigarria da Blondi, bizitasun kutsakorra duena. Eta bizitasun horrek baditu izen abizenak: Dolores Fonzi, Carla Peterson eta Rita Cortese (Gora Cortese!).