Zuzendaria: Fermin Muguruza
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA
70. Donostia Zinemaldian Black is Beltza 2: Ainhoa estreinatu ostean, urtebeteren bueltan, film berria aurkezteko erronkari aurre egin diote Fermin Muguruzak eta Jone Unanuak. Eta nola, gainera. Bidasoa ibaiaren uretan azken arnasa hartu dutenen omenez sortu dute Bidasoa, 2018-2023 dokumentala – Irizar Saria eskuratzeko lehian, Zinemira atalean-. Ibaiak hil egiten duelaren gezurra deseraki, eta gurean abian dauden politika arrazistengan jarriaz fokua.
2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta.
Bada, tragedia horren biktimak diren migratzaileak dira protagonistak, haiena da hitza eta errelatoa, eta haiekin egoera lazgarriari elkartasunaren bidez aurre egiten dioten herritar solidarioena ere bai. Baina, denen gainetik, bizia galdu duten hamar pertsonen bizitzen inguruan eraikitzen da filma. Giza Eskubideen aurkako jarrera eta erabaki kate bat ikustarazi eta salatzearen premiatik jaio da, baina baita pertsonak humanizatzekoa ere: izena, adina, egindako bidaia eta utzitako hutsunea.
Zapaldua denaren min eta amorrutik, argi eta arduradunak seinalatzeko beldurrik gabe, baina baita maitasunetik ere. Premiazkoa baita ulertzea migranteak ez direla erabaki arriskutsu baten ondorioz hiltzen. Bidaiak, ibaiak, itsasoak ez direla inoren hiltzaile. Hotzak hiltzen duela jendea; beldurrak, goseak, gure indiferentziak. Poliziaren jazarpenak. Bi estaturen migrazio politika ankerrek. Banatzen gaituen muga horrek berak hil egiten dituela.
Urriaren 20an helduko da filma zinema-aretoetara. Gorde data, merezi du(te).
[…] Muguruzak Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu berri du filma. Jarraian duzue kritika: ‘BIDASOA 2018-2023’: Migrazio-politika arrazistak hil egiten du […]