a journey in spring-zinea

Zuzendariak: Tzui-Hui Peng eta Ping-Wen Wang

Urtea: 2023

Herrialdea: Taiwan

Saila: SAIL OFIZIALA

Paisaia bukolikoan murgilduta, adineko senar-emazte baten egunerokoan murgilduko gaituzte Tzui-Hui Peng era Ping-Wen Wang zinemagile taiwandarrek, beraien opera prima den honetan. Ur-jauzi, euri-jasa nostalgiko, baso berde eta hezeak hartutako etxola batean bizi dira, hirigunetik urruti, eta inguruak transmititzen duen bake-sentsazioak pantaila zeharkatuko du. Naturaren presentzia indartsua ez da bikote zaharraren barne-sentimenduen hedapen bisuala izango soilik, baizik eta filmaren beraren izaera melankoliakoaren ispilu.

Maitasun isila bizi dute protagonistek -ez ezkutuan ari direlako, baizik eta denboraren joanak agortu eta itzali duelako-, baina emaztearen heriotzak argi gorria piztuko dio gizonari. Bihotzekoak jota hil ostean, izozkailuan gordeko du haren gorputza, bat-batean semeak deskubrituko duen arte. Iluna eta nahasia dirudien arren, hurbileko senideen galerari eta bakartasunari eskainitako obra tristea da A JOURNEY IN SPRING, hildakoen memoria goratzeko eta aldarrikatzeko beharraz hitz egingo diguna.

16mm-tan filmatuta, irudiaren testura gordin eta urduriak ikustaldia erabat baldintzatutako du, ez arrotz sentiaraziko gaituelako, baizik eta, fintasun handiz dolua onartzera eramango gaituelako. Bestelako erabaki edo apustu estetiko nabarmenik gabe, intimitate osoz, agur esateari buruzko film sentibera ondu dute Tzui-Hui Pengek eta Ping-Wen Wangek.