Zuzendaria: Arantxa Echevarria
Urtea: 2023
Herrialdea: Espainia
Saila: RTVE GALA
Jatorri asiarreko neska gazte bat bere lehen jaunartzea egin ondoren kaletik doa, pozik saltari, eta bazar batean sartuko da halako batean, izozki bat nahi du. Txinatarrak dira dendariak, eta bertara sartu den haurra hurbileko dutela ikusirik, beren jatorrizko hizkuntzan zuzenduko zaizkio. Batez ere, saltzailearen alaba. Izozkia nahi duen gaztearen aita sartuko da segidan, eta neskatoak oihukatuko dio, “¿Qué dice esa china?”. Momentu horretantxe, bi familia eredu, bi mundu ikuskera gurutzatuko dira; baina gizarte estigmatizazio eta bizkar gainean eraman beharreko zama bakarrak estuki lotuko ditu.
Indartsu aurkeztu digu Arantxa Echevarria bilbotarrak garatu duen istorioa. Nongotarrak gara? Zerk-nork erabakitzen du bakoitzaren herritartasuna? Galdera potolooi erantzuna eman baino, kasu-azterketa ireki bat proposatuko digu zinemagileak bere hirugarren fikziozko film luzean. Izan ere, identitateaz haratago, estereotipoak apurtu eta kultur-aniztasuna ulertzeko eta barneratzeko ditugun zailtasunez eta mugez hitz egingo digu CHINAS pelikulan.
Bi haur protagonisten jolas eta zintzotasun inuzentetik hasi, eta horietako baten ahizpa nerabearen eta bere lagun-taldearen jokabide inkontzienteetatik pasata, guraso edo helduen portaera babesleetaraino, gizartean (eta familian!) errotutako gaitza izaten jarraitzen du “ezberdina” diruditen horiekiko gehiagotasun-konplexuak.
Adopzio-sistemaren eta negozioaren funtzionamendua ere zalantzan jarriz, intentzio eta asmo oneko filma eraiki du Echeverriak, nahiz eta, izaeraz eta nortasunez, gaiari kanpotik heldutako errelatoa izan. Pertsona arrazializatuen integrazioaren eta beraien askotariko errealitateen argazkia egiteko balio digu CHINAS-ek, eta biziki hunkituko, nazkatuko eta haserretuko gaituzten pasarteak baditu ere, are kritikoago eta gordinago izan zitekeela irudituko zaigu.