Zuzendaria: Kitty Green
Urtea: 2023
Herrialdea: Australia
Saila: SAIL OFIZIALA
Thelma & Louise (1991) berria izan nahi du Kitty Green australiarraren THE ROYAL HOTEL film (badakarkidazue atrebentzia) apokaliptikoak. Ridley Scotten road movie feministari keinu etengabeak eginez, gizonez inguratutako gizarte matxista eta bortitz honetan murgilduta dauden bi emakume ahaldun ditu protagonista; Work and travel programa bati esker Australia barnealdeko basamortuan kokatuta dagoen taberna galdu, bakarti eta isolatu batean ostatu hartuko dute, sos batzuk irabazteko asmoz. Oraingoan baina, bidaia bera ahaztu egingo dugu, zuzenean, neska gazteak arriskuaren/mehatxuaren erdigunean kokatuko baitizkigu Greenek.
The Assistant (2019) fikziozko lanarekin debuta egin ostean, gizartean errotutako matxismoa, botere-harremanak eta genero indarkeria berrartuko ditu zinemagileak THE ROYAL HOTEL-en. Julia Garner aktorearekin berriz ere elkarlanean, Jessica Henwickek osatuko du bikote protagonista, eta elkarrekin, konplizitate handiko hartu-emana ehunduko dute, zonbiak lez hurbilduko zaizkien gizonezkoen gehiegikeriei aurre egiteko.
Hain zuzen ere, beldurrezko film baten antzera eratu du Greenek bere bigarren film luzea. Aipatu legez, ezerezaren erdigunean, irtenbiderik gabeko kartzela opresiboan bizirautera kondenatuta erakutsiko dizkigu Hanna eta Liv protagonistak. Baina, hartutako erabaki eta planteamendu estetikook misoginia sistematiko eta estrukturalaren errepresentazio arketipikoak dira, dagoeneko ezagun ditugunak, behin eta berriz hala erakutsi baitizkigute zinemaren historian. The Assistant-en, ekintzak iradokiz koadroz kanpokoak indar izugarria hartzen bazuen, THE ROYAL HOTEL-en alderantziz gertatuko da. Greenek etengabe gogoraraziko digu emakumeek bizi duten beldur eta segurtasun-ezaren zutabeak zeintzuk diren, eta horiei su emateko boterea duela aldarrikatuko du, beste irtenbide posiblerik ez baitu aurkituko.