Zuzendaria: Xavier Legrand
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
Saila: SAIL OFIZIALA
Jusqu ‘à la garde (2017) aztoragarriaren oroitzapena buruan zarataka dugula oraindik – Europako Film Onenaren Publikoaren Saria eskuratu zuen 65. Donostia Zinemaldian–, espero zitekeen Legrand bere berariazko intentsitatearen eskutik itzultzea. Eta ez du hutsik egin. Harengandik espero dena tentsio handiko film bat izaki, horrelakoxea da LE SUCCESSEUR. Erraietatik ateratakoa. Drama gisa aurkeztua, baina tarteka itogarria eta psikologikoa ere badena.
Le Succeseur aurkeztuko du Sail Ofizialeko lehian: Elias Barnès Parisko moda-etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Bere bilduma berria aurkezteko zorian dagoela, ordea, bularreko mina sentitzen hasiko da. Horretan dela, Montrealera itzultzeko deituko diote, bihotzekoak jota hildako aitaren hileta antolatzeko. Jaioterrira itzultzen denean deskubrituko du bihotz ahul bat baino askoz okerragoa den zerbait jaso duela oinordetzan. Orduantxe, pozoitutako ondareari aurre egin behar dionean, helduko dira horrorea eta arnasestua.
Eta, noski, horrorearen eskutik ere orotariko iritziak. Hainbatek #71SSIFF honen berpizkundea eta trama estimulatzaileenetako bat aurkitu duten irudietan, komedia inboluntario bat ikusi dute beste batzuek. Eta, nik, zulo beltza. Maldan behera dabilen harria, dramaren eta thrillerraren artean zabuka, ustekabeko birekin ikuslea harritzeko pretentsioa duena.
Narrazioa jakin-minez jarraitu dudala ukatuko ez dudan arren, kosta egingo zait honek eragindako egonezina eta kezka gainetik kentzea. Eta ez dakit Legrandek lanak horrenbeste merezi duen…