Zuzendaria: Noah Pritzker
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
Saila: Sail ofiziala
Gizonezkoek gizonezkoak protagonista eta gizonentzat egindako film horietakoa izan zitekeen EX-HUSBANDS filma, sinopsia irakurrita behintzat. Beren bikoteengandik bananduta, Mexikoko Tulum hirian ezustean topo egingo dute emazteak utzi duen Peterrek, eta ospatzear ziren ezkontza bertan behera gelditu berritan ezkondu aurreko agur festaz gozatzera zihoan Nickek (eta bere anaia Mickeyk). Gazteen aitonak, gainera, urte luzez iraun duen maitasun-harremana aspaldi etetea ere erabaki duela ezagutuko dugu.
Komedia korapilatsua dirudi lehen instantzian, iparramerikarrek Hollywoodeyik primeran esportatu izan dutena. Aldiz, New Yorkeko zinemagintza independentearen eskolatik iritsi zaigu filma, handinahirik gabe, gehiegikeriak baztertuko dituena, eta gainera, Ernst Lubitsch omentzeko tartea ere hartuko duena. Pritzkerrek bestelako tonu hurbilago eta zintzoagoarekin eraiki du bere bigarren obra luzea, entretenimendu huts, baldar eta errazetik aldenduz.
Familia bereko hiru kideon arteko harreman bertikalak zein horizontalak aztertuz, XXI. mendeko herritarren, eta kasu honetan, gizonezkoen, krisi identitarioaz eta munduan ezin aurkitu dezaketen tokiaz jardungo zaigu zinemagile estatubatuarra: adinean aurrera joan eta bakarrik gelditzeko beldur da aita, 35 urterekin etorkizuna proiektatzeko arazoak ditu haren semak, eta homosexuala dela gainerakoei aitortzeak lotsa ematen dio anaia txikiari. Hala, maskulinitate eredu ezberdinak proposatuz, eta horien errepresentazio klasikoa ukatuz, hiru pertsonaia nagusien bihotzetara zuzenean joko du zinemagileak, ikusteko gustagarria bezain erosoa den EX-HUSBANDS-en.