Zabaldu dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen gazteen epaimahaia osatzeko izen-emate epea. 18-30 urte bitarteko 150 gaztek parte-hartu ahal izango dute.
Aurreko edizioetan egin bezala, gazte epaimahaia osatzen duten kideak izango dira film laburren irabazlea aukeratu eta 34. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria ebaztearen arduradunak. 18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta diren tokiak (150) baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna. Orduan ere beharrezkoa balitz, horien arteko zozketa egingo litzateke.
Epaimahaian parte hartzeko aukeratzen diren gazteak Victoria Eugenia Antzokira bertaratu beharko dira urriaren 27an, 16:00etan, aurkeztuko diren film laburrak ikusi eta baloratzeko. Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta bozketa horren emaitzatik aterako dira lan nabarmenduak. Horrez gain, epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko.
Antolakuntzako kideek nabarmendu dute, film laburrak ikusteaz gainera, epaimahaiko kide guztiek 34. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanaldietara joateko aukera izango dutela.
Interesatuek, urriaren 13a bitartean eman dezakete izena.