Zuzendaria: Cristi Puiu
Urtea: 2023
Herrialdea: Errumania
Saila: SAIL OFIZIALA
Moartea domnului Lăzărescu (2005), Sieranevada (2016) edota Malmkrog (2020) filmekin nazioartean ezagun eta miresmen handiko autore bilakatu da Cristi Puiu zinemagile errumaniarra zalantzarik gabe. Bada, horietan jorratutako gaiak eta konfliktoak berrartuz, gizabanakoaren axolagabetasuna, egozketa, berekoikeria eta indiferentzia kolektiboa jarri ditu beste behin sortzaileak erdigunean. Beti bezain kritiko, krudel eta zorrotz, giza-izaeraren zulo sakonenera eramango gaitu MMXX bere lan berrienean, ia hiru orduko ibilbide iluna proposatuz.
COVID pandemia bete-betean girotuta, gaitza ez da aurkeztuko dizkigun lau istorioen inflexio-puntua izango, sortzailearen tesi bortitz eta beldurgarriaren atzean dagoen pizgarri bat baizik. Gordina bezain larrigarria, filmak maila berean jarriko ditu gizarte klase altuko aberatsak (duten krisi existentzial eta identitarioa besterik inporta ez zaiena), familia umil bateko herritarrak, osasun-langileak, prostituzio-kate bateko biktimak edota polizia agenteak. Hala, XXI. gizabanako modernoaren eta bere portaera indibidualista bezain lotsagabearen eredu dira Oana Pfifer terapeuta, bere urtebetetzeaz kezkatuta dagoen honen anaia Mihai, medikuntzako azterketa prestatzen ari den Septimiu, eta Narcis Patranescu inspektorea. Ez zaie batere inporta ondokoak dioena eta jasaten ari dena, nahiz eta bizitza bera jokoan egon.
Inoiz baino depuratuago, aurkeztuko dizkigun lau atalak muturreko minimalismo formalaz jantzita egongo dira. Horietako bakoitza ia plano bakarrean filmatuta, barnealdeko agertoki edo kokaleku itxi eta errepresiboetan harrapatuta ariko dira pertsonaiak humanismo izpirik gabeko elkarrizketaldi (askotan) hutsaletan murgilduta. Istorio bakoitzean, tentsioak eztanda egingo du minutuak aurrera joan ahala, protagonista dituenak biluziz, eta beren ezkutuko aurpegia ageriko eginez. Apurka-apurka handitzen joango zaien agonia eta nekea (fisikoa zein mentala) gugan ere sentituko dugu. Hau da, Puiuk parekatu egingo ditu MMXX filmeko pertsonaiak eta ikus-entzuleak, denak ere, mundu etsigarri eta zentzugabe honen partaide baikara, haiek gure ispilu. Finean, zinemagile errumaniarrak COVID garaiko erradiografia pesimistena izan daitekeena ondu du, Urrezko Maskorra opari izan dezakeena.