Zuzendaria: Martin Rejtman
Urtea: 2023
Herrialdea: Argentina – Txile – Portugal – Alemania
Saila: SAIL OFIZIALA
Martin Rejtman zuzendari argentinarra bisitari ohikoa dugu Donostia Zinemaldian. Aurtengoan, ordean, lehen aldiz parte hartu du Sail Ofizialean LA PRÁCTICA/THE PRACTICE, ezkontza-krisi batean murgilduta dagoen yoga-irakasle bati buruzko komediarekin
Gustavo eta Vanesa banandu egin dira eta elkarrekin abiatutako proiektu eta asmoak berrikusi eta eteteko unea da. Yoga-irakasleak dira biak. Vanesa etxearekin geratu da eta partekatzen zuten estudioa utzi du; Gustavok, aldiz, lantokiaren jabetza eskuratu dut, bana etxerik gabe gelditu da. Egoera aldrebestu horretan pilatutako estresa medio, Gustavok min hartuko du belaunean eta yoga gimnasioko ariketa gogorrengatik ordezkatu beharko du. Bere espiritualitatea -eta meditazioak eskaintzen dion lozorro atsegina- mehatxatuta egongo dira orduan… Beno, edo agian ez.
Protagonista zurrun baten bizi-krisi sakon baten fase guztiak zeharkatuko ditu filmak, bigarren mailako luxuzko talde batek eszena indartu besterik egingo ez duen bitartean. Hala, Martin Rejtmanek bere umore nahasgarria askatuko du, kostunbrismotik, batzuetan zorrotz, eta beste batzuetan sobera “mamarratxo”.
Edonola ere, ikustaldi atsegin bat bermatzeko helburua betetzen duen obra da. Apala, estatikoa, baina dibertigarria. Funtzionatzen du.