Zuzendaria: Raven Jackson
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
Saila: SAIL OFIZIALA
Aspaldiko ezaguna dugu Raven Jackson Donostia inguruan. NEST – Zinema-ikasleen Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako partaide izan zen 2018an Nettles (2018) lanarekin eta, ostean, Ikusmira Berriak programako egoiliar gisa garatu zuen 71. edizio honetan aurkeztu duen All Dirt Roads Taste of Salt film poetikoa. Zinemagilea baino lehenago, poeta eta argazkilaria da Tennesseekoa, eta erraz koka daiteke ikus-entzunezko pieza hau ohiko jardun horren eboluzio gisa.
Hala, Raven Jacksonen debuta bizitzako une txikien epika hunkigarria da. Sentsoriala, kontenplaziozkoa, lirikoa eta oso (baina oso, oso!) exijentea. Ez dago istorio linealik, ez eta irudiak testuinguratzen lagunduko diguten elkarrizketa argirik ere.
Bilgarria edukia baino nabarmenagoa duen film honek sentsazioak eta oroitzapenak azaleratzea du xede; badirelako beti, kontatuak jaso baino, bizi egin beharrekoak. Eta eskertzekoa da zuzendariak hartu duen arriskua, nahiz eta, tarteka, gehiegizkoa den. Izan ere, hainbat belaunaldi desberdinen begietatik kontatuta, eta inolako denbora-mugarik gabe, kontakizunak bira eta bira egiten du; iraganera buelta, aurrera begira etorkizunera, oraina zein den zehaztu gabe (edo ikusleak berak erabakiko duenaren esperoan). Honenbestez, publikoa ere bueltaka amaitzeko arriskua dago.