Ohiko zinema emanaldiez gain, Donostia Zinemaldiak industriari zuzendutako egitaraua ere hartzen du bere baitan. Gaur bertan abiatuko dituzte zenbati ekimen -Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, WIP Latam eta WIP Europa egitasmoak, eta jarduerak hiru egunez luzatuko dira, hilaren 27ra bitartean. Lau Haizetara Foroaren 19. edizioa ere gauzatuko da. Zinemaldia & Technology, Spanish Screenings topaketak ostean egungo dituzte.

Bada, jarraian duzue industria-programaren 2023ko jarduerak:

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa

12. edizioa izango du, eta 15 proiektu aurkeztuko dituzte guztira, Argentina, Brasil, Espainia, Kolonbia, Mexiko, Uruguai eta Txileko ekoizpenak direnak. Zazpi zinemagileren lehen edota bigarren filmak dira 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan lehiatuko direnak, eta proiektuen ordezkariek horiek nazioarteko balizko bazkideei ezagutarazteko aukera izango dute. Produktore eta zuzendarien eta mundu osotik etorritako bazkide posibleen arteko one-to-one bilerak ere egingo dira.

Hautatutako lanek  hiru sari irabazteko aukera izango dute. Batetik, proiektu onenari saria, 10.000 euro gordin proiektu irabazlearen produktore gehiengodunari.  Bestetik, DALE! Saria (Europa-Latinoamerika Garapena), Zinema Agentzien Zuzendarien Europako Elkarteak (EFAD) eta Iberoamerikako Ikus-entzunezko Zinematografiako Agintarien Konferentziak (CAACI) ematen dutena eta 20.000 euroko ordainsaria duena, proiektu irabazlearen produktore gehiengodunarentzat. Hirugarrenik, ArteKino International Award saria, ARTEk emandakoa (6.000 euro gordin ematen dio proiektu irabazlearen produktore gehiengodunari).

WIP LATAM

Latinoamerikako zinemarekin duen konpromisoa berresteko, bertako sortzaileen lanak garatzeko eta bukaeraraino eramateko laguntza eskaintzen duen WIP Latam topaketa antolatzen du Donostia Zinemaldiak industriari eskainitako programazioaren baitan. 60 minutu baino gehiagoko iraupena duten eta Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek (nagusiki) ekoizten dituzten proiektuei zuzenduta dago.

Aurten, sei film izango dira WIP Latam Industriaren Saria irabazteko lehiatuko direnak. Argentina, Txile eta Kolonbiatik datoz eta horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira. Gainera, WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria irabazteko aukera ere dute, zeinak 30.000 euro gordin banatzen dizkion film irabazlearen ekoizle nagusiari, EGEDA Ikus-entzunezko Produktoreentzako Zerbitzuen Sozietatearen babesarekin.

WIP Europa 2023-zinea

WIP EUROPA

Europako ekoizpenak sustatzeko eta postprodukzio fasean dauden filmak amaitzen laguntzeko Work In Progress sailak gauzatuko dituzte ere. Alemania, Espainia, Hungaria eta Turkiako bost ekoizpenek parte hartuko dute egitasmoan. 

Sariei dagokienez, WIP Europa Industria Saria irabazten duen proiektuak filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa izateko aukera izango du.  Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs., Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No Problem Sonido enpresek babestutako saria da. Bestalde, WIP Europa garaikurrak, 10.000 euro emango dizkio proiektu irabazlearen ekoizle nagusiari.

lau-haizetara-foroa

LAU HAIZETARA – Dokumentalen Koprodukzio Foroa

IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, Lau Haizetara – Dokumentalen Koprodukzio Foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza. Hiru atal nagusi ditu: Lantegiak, pitching saioak eta banakako bilerak.

2023an hemeretzigarren edizioa izango du ekimenak, eta hamabost proiektu aurkeztuko dituzte, tartean, Euskal Herriko hiru. IBAIA – ELKARGI saria irabazteko hautagaiak izango dira, 5.000 euroan balioetsitakoa.

Tailerrak prestakuntza-jarduerak dira, eta foroaren aurreko bi egunetan egiten dira. Ekoizleei aukera eskaintzen diete proiektuak aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko; proiektu horietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna egokiak eskainiko dituzte aditu horiek.

Pitching saioa, aldiz, irailaren 27an egingo da, 9:30etik 14:00etara, Kursaal Jauregian. Bertan produktoreek beren proiektuak azalduko dituzte Commissioning Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean.