Iaz mende laurdena bete ostean, gogotsu aurkeztu dute KIMUAK katalogoko aukeraketa berria. Ohi bezala, Donostia Zinemaldiaren abaroan, euskal zinemagileek sortutako film labur iradokitzaileenak ikusteko aukera izan dugu, son handia eta ibilbide luzeko zuzendarienak, bereziki. Fikzioa gailendu bada ere, animazioak ere izan du tartetxoa; eta jorratutako gaien artean, gaur egun puri-purian dauden aldarrikapen sozialak izan dira nagusi -feminismoa, genero indarkeria, gizarte modernoaren krisi identitarioa, zaintza, lan-baldintzak-, baina izan da umorerako aukerarik ere.
Erabilitako hizkuntzei dagokienez, tamalez, bakarra izan da euskara hutsean errodatutakoa. Hain zuzen ere, Iban del Campok zuzendutako SORBELTZA film poetikoa. Silvia Rey eta Harkaitz Canok idatzitako gidoitik abiatuta, insomnioa edo loezina izan du arrasatearrak hizketagai. Bakartutako gizabanakoez osatutako gizartearen gaitza delakoan, gure beldur, antsietate eta eztabaida existentzialak erakutsi dizkigu belaontzi batean bildutako hiru pertsonaien bitartez. Tonu misteriotsu bezain erotikoa duen lana da, hitz gutxikoa baina edertasun bisual izugarrikoa.
Aldiz, euskara apurrak entzungai izango dira Itziar Leemans donibane-lohitzunetarraren XIMINOA-n. Bere obrak duen erritmo patxadatsu eta udatiarrak itsasondoan lasai asko deskantsatzeko gogoa piztuko digu, nahiz eta ezkutuan auzi oso serioez ari zaigun. Arbaso euskaldunak dituen familia paristar baten alabatxoa zaintzeko ardura hartuko du Junek, bere aurreneko lana izango dena. Jardunean ari dela, baina, prekarietatea, klase-mailaketa eta axolagabetasuna ezagutuko ditu. Frantziako lurraldeko opor-toki nagusi izanik, familia burges eta aberatsen handinahia asetzeko neskame/tximino dira Iparraldeko euskaldunak; beren identitatea ukatuz, guztiz alienatuta, bertako bizilagunak harrapatuta eta gutxiagotuta daudela salatuko du Leemansek.
Lan arloan girotu du Raul Campos Martin santurtziarrak ere bere laugarren film laburra: EL APRENDIZ, giza-morala ezbaian jarriko duen thriller soziala, gidoi sendo eta inteligentea duena. Telefono mugikorrak konpontzen dituzten etorkinen denda horietako batean girotuta, norbere intimitatearen pribatutasunaz jardungo du lehen instantzian, baina ilundu egingo da erabat narrazioa, bai estetikoki zein argumentuari dagokionez ere. Denda-barrualdean, bezero baten mugikorra konpontzen ari dela beronen argazki eta edukietan kuxkuxeatzerakoan irudi bortitzak aurkituko ditu, eta salatzeko asmoa agertuko badu ere, kode deontologiko profesionala hautsi izanak barne-eztabaida eragingo dio. Gisa honetako kasuetan hartu beharreko erabakiez hausnartzera garamatza Campos Martinek, indarkeria matxistak zero tolerantzia eskatzen duela gogoraraziz.
Santurtziarraren lanetik ez oso urruti, gizarte matxistaren erradiografia maskulinoa eraiki du David Perez Sañudo bilbotarrak ere. EL REY DE LA SEMANA fikziozko obrak sedukzio-tailer batean parte hartzen ari diren gizonezkoak ditu protagonista, eta horien lan-saioetan entzungo ditugunek, eta partaideek hartuko duten jarrerek gizonoi auzo-lotsa sentiaraziko digute. Hain zuzen ere, sentimendu honen bueltan ondutako lana da, egoera deseroso horien larritasuna bistaratzen duena.
Bestelako formatu eta genero zinematografiko bati helduz, borroka feminista eta emakumeen ahalduntzea ditu ardatz Isabel Herguera animaziogile donostiarrak. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu duen Sultanaren ametsa opera primaren ildoari jarraiki, bizipen pertsonaletan oinarrituta dago LA MUJER ILUSTRADA, hain zuzen ere, bere proiektu luze honen baitan koka daitekeena. Indiako Ahmedabad herrian animazio tailer bat ematen duen Isabel jarraituz, Sultana’s Dream ipuin utopiko feministaren berri nola duen gogoraraziko digu Herguerak. Emakumeak dira ere erabateko protagonistak PRIORIDADES lanean. Sexu harremana izaten ari diren bi neska gaztek ezingo diote elkar musukatzeari utzi, azken finean, beren maitasuna baino gustura egotearen adierazle baita. Benetan zoriontsu sentiarazten gaituztenekin egotera dei egiten digun aldarria da Tamara Lucarini Cortés basauriarraren hirugarren film laburra, Aukera mentoretza programan parte hartu eta Aukera (H)emen saria jaso zuena.
Azkenik, noir klasikoa goratzen duen obrarekin estreinatu da Nitya Lopez Saitua ibarrangelutarra KIMUAK katalogoan. Zuri-beltzean filmatuta, DEADLY DRAW (SORTEO MORTAL) film bat interpretatu eta berau bikoizten ari den aktore bikote baten intimotasun sentimentalaz barre egitera gonbidatuko gaitu, umore puntu absurdo batekin. Finean, bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko muga lausoaz ari zaigu sortzaile gaztea hizketan, zinemaren alienazio izaeraz hausnartuz. Inondik inora ere, zinemari berari egindako omenaldi bitxi eta entretenigarria da.