sica-kritika-zinea

Zuzendaria: Carla Subirana

Urtea: 2023

Herrialdea: Espainia

Saila: MADE IN SPAIN

Kostaldeko herri arrantzaleetan bizi direnek oso gertuko sentituko duten istorioa dakar Sicak. Galiziako Costa da Morte edo Heriotzaren kostan girotuta, filmari izena ematen dion neskaren ikusmiratik heldu dio Carla Subirana zinema zuzendari kataluniarrak “itsasoak irentsitako arimen” memoria oratzeari. Aitaren desagerpenari arrazoizko azalpena eman nahian, batean zein bestean erantzun bila arituko den gazteak isiltasuna, misterioa eta ukazioa besterik ez ditu aurkituko. 

Protagonista bezala, gainerako bizilagunak ere, iraganeko lan-molde eta tradizioan errotutako gizarte ilun eta usteleko mamuak balira lez erakutsiko dizkigu Subiranak, heriotzarekin hartu-eman zuzena dutenak. Esperoa, ezinegona eta amorrua herrikide gazte zein heldu bakoitzaren aurpegietan, jarreretan eta hitzetan presente daude, olatu zakarrek, arroka zorrotzek eta horiek ekaitzen oihukatzen dituzten egiek ezkutatu egiten badituzte ere.

Mehatxu iragarrezina errespetuz bezain mesfidati erakutsiz, kondairaren eta errealitate gordinaren arteko muga ikusezin bilakatuz, naturaren indarrak agindutako poetika bisualak filmaren nortasun kritikoa azaleratuko du, landa-eremuko thriller fantasmagoriko gisara.  Ez-toki horretan, bizitzak aurrera dirau, eta neskatoak patuari aurre egin beharko dio, begiak behingoz irekiz, bere gain hartutako zama askatuz. Subiranak, hala, ahanzturara eta heriotza kondenatuta dauden arima galduei -bereziki arrantzaleen emakume eta alabei- esperantza izpi bat oparitu die Sican, beraien ahotsa entzun, ulertu eta aldarrikatuz.