Hayao Miyazaki zinemagile japoniarraren aintzatespena -Donostia Saria jaso du- izan da bart ospatu den Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren irekiera-ekitaldiaren ardatza. Eva Hachek eta Gorka Otxoak aurkeztu dute zeremonia Kursaal auditoriumean, eta hainbat aurpegi ezagun igaro dira oholtzatik.
“Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia, izen handiko sari honengatik. Une honetan, egunero nago estudioan, Ghibli parkerako erakusketak sortzen. Espero dut filmarekin gozatzea”, aurrez igorritako bideo baten bidez eskertu du Miyazakik donostiar hiriak eskainitako omenaldia, saria bertan zuela, apal, labur eta, akaso, hotz. Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak aurkeztu du golardoa: “Bere istorioek eduki sakona dute, maisua da eszenaratzean eta bere proposamen artistikoa edertasun handikoa da”. “Gainera, sortu dituen munduek eta pertsonaiek amesteko eta bere buruaren barrualdera bidaiatzeko bide ematen digute. Gizon azkarra da, bere irudimenak ez du parekorik eta gu, bere zinemari esker, pixka bat hobeak gara”, nabarmendu du.
Jarraian, ikusleek Kimitachi wa do iki ruka / The Boy and the Heron inaugurazio-filmaren Europako estreinaldiaz gozatu behar zuten, alegia, Japoniako animazioaren maisuaren azken lanaz, eta hori dela eta, animazioak pisu berezia izan du ekitaldian. Izan ere, 71.edizioan animaziozko beste bi film lehiatuko dira Sail Ofizialean: Isabel Hergueraren El sueño de la sultana / Sultana’s Dream (Sultanaren ametsa) eta Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player. Hori horrela, Mireia Gabilondok zuzendutako eta Bob Popek idatzitako galan, bere garaian Zinemalditik igaro ziren animaziozko film batzuen irudiak jasotzen dituen bideo historiko bat eman da. Film horien artean daude One Hundred and One Dalmatians (1961), Kalabaza tripontzia (1985), Vals Im Bashir (2008), Futbolín (2013), Chihiroren bidaia (2001), The Boy and The Beast (2015) eta Black is beltza (2018).
Sofía Otero, Ane Gabarain, Kepa Errasti, Dolores Fonzi, Telmo Irureta, Bob Pop, Cayetana Guillen Cuervo aktoreak izan dira oholtzatik igaro diren beste gonbidatu batzuk; guztien parte-hartzea izan du galak.
Horiekin baterra, Dominic West aktore britainiarra arduratut da aurtengo FIPRESCI Sari Nagusiaren aurkezpena egiteaz: Hirugarrengoz, Aki Kaurismäkik jaso du saria, Kuolleet ledhet / Fallen Leaves filmarengatik –Perlak–. Avalon ekoizpen- eta banaketa-enpresaren zuzendari nagusi Stefan Schmitzek jaso du saria, haren izenean.
Lehiaz harago, sormenerako leku bat
Urrezko Maskorra eta palmareseko gainerako sariak emateaz arduratuko diren Epaimahaikideak ere igo dira oholtzara: Claire Denis frantziarra, epaimahaiburua; Fan Bingbing aktore txinatarra; Cristina Gallego ekoizle, zuzendari eta idazle kolonbiarra; Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra; Robert Lantos ekoizle hungariarra; Vicky Luengo aktore espainiarra; eta Christian Petzold zinemagile alemaniarra.
Hain zuzen, Claire Denis epaimahaiburuak hartu du hitza taldearen izenean. Egokitu zaien ardura “erronka bat” dela aitortu du zuzendariak, “Zinema-jaialdi bat oso zirraragarria den zerbait da, sormenerako leku bat da non lehia ez baita garrantzizkoena. Zinearekiko konpromisoak mugitzen gaitu epaimahaikide guztiok, eta espiritu horrek gidatuko gaitu. Eskerrik asko eta Zinemaldi zoriontsua opa dizuet”, esan du.
Oroimenerako tartea heldu denean bizitu dugu gauak eman duen unerik hunkigarriena: Maria Berasarte musikariak Luis Eduardo Auteren Al alba kantatu du, zendu berri diren pertsonen omenez. Hala, ondorengo pertsonei eskaini diete aurtengo ekitaldia: Manolo Perez Estremera, Guadalupe Echevarria, Tito Garcia Camino, Berenice Reynaud, , Jose Luis Rubio eta Seve Sanchez.
PUUUUUUM! Eztanda egin du suziriak, hasi da jaia: goza dezagun zinemaren festa erraldoiaz!