Carla Simon zinemagile kataluniarrak 2023ko Zinematografiako Sari Nazionala jaso du gaur, 71. Donostia Zinemaldiaren baitako ekitaldian. Kultura eta Kirol Ministerioak urtero banatzen duen sari honek 30.000 euroko balioa du.
Espainiako Zinematografia Sari Nazionalak Espainiako zinemagintzaren esparruan egindako ekarpenik bikainena saritzen du, ahal dela, lan publiko baten bidez edo azken urtean estreinaturiko lan profesional baten bidez nabarmentzen da, edo, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko kasuetan, ibilbide profesional bat aintzatesteko. Saria, Kultura eta Kirol ministroak banatu ohi du urtero Donostia Zinemaldiaren abaroan, eta estatuko panorama zinematografikoa ordezkatzen duten izen garrantzitsuek eskuratu dute: José Sacristán, Isabel Coixet, Antonio Banderas, Fernando Trueba edota Penelope Cruz, besteak beste.
Bada, Espainiar Estatuko zinemagintzaren sektoreko hainbat erakunde, eragile, elkarte eta lagintzetako profesionalez osaturiko epaimahaiak ebatsi du 2023ko irabazlea: Carla Simon zuzendari eta gidoigilea hautatu dute saridun, Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartza eskuratuz Espainiako zinemagintza nazioarteko panoraman kokatzeagatik. Izan ere, Simonek arazo sozialei gaurkotasun osoz begiratzen dien filmari esker lortutako garaipena Espainiar zinemaren historian mugarria izan zela iritzi du taldeak, eta gizartea eta kultura fisikoa ezaugarritzen eta aberasten duten hizkuntzen aniztasuna modu organikoan txertatzen duela ere bai.
Era berean, epaimahaiak adierazi duenez, Carla Simonek zinemagileen belaunaldi berri bat ordezkatzen du, oso denbora gutxian kalitatezko zinema garatzea eta ingurunearekin eta gizartearekin konprometitzea lortu duena, publiko globala erakarriz: “Zalantzarik gabe, espainiar zinemak bizi duen une handiaren erreferenteetako bat da”.
Bada, gaur eguerdian Donostiako Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ospatutako ekitaldian jaso du Simonek golardoa. Ekitaldi xumea baina hunkigarria izan da gaurkoa, etxekoei, lagunei, harekin lan egin duten profesionalei eskaini baitie saria kataluniarrak: “Haiei, nire familia osoari, aspalditik nire pasioa filmak egitea dela onartzeagatik. Izan ere, jakina da bizimodu honen aldeko hautuak kostu pertsonal handia duela”. Era berean, ofizioaen inguruan egindako hausnarketa bat partekatu du publikoarekin:“Askotan galdetzen diot nire buruari filmak egitea ekintza berekoia ote den”, jarraitu du sarituak, “ukaezina da sormen lanak geure buruak erdigunean jartzen dituen dinamika batzuk besarkatzera garamala: uste dugu gure filmak inportanteak direla, nahiz eta inork ez dituen espero. Baina, bestalde, filmak egitea urkoarekiko komunikazio kanalak sortzea da, munduari sentitzen duguna azaleratu, azaldu, eskaini eta partekatzea, toki hobeagoa bilakatzeko helburuarekin”. “Niretzat zinema egitea munduan egoteko modu bat da, hura bizi eta begiratzeko modu bat (…) zorionekoa naiz istorioak kontatzen egin ahal dudalako bizia”.