Gaur hasi eta hilaren 23ra bitartean, 45 film pantailaratuko dituzte Iruñean. Guztira, 19 sari banatuko dituzte, tartean, Urrezko NIFF sariak kategoria bakoitzeko film labur onenei.

NIFF 2023-zinea

Zinemagintza abiapuntu, hausnarketarako topagune izan nahi duen NIFF Navarra International Film Festivalak bosgarren edizioari ekingo dio gaur. Pandemiak ekarritako murrizketa eta zailtasunei aurrea hartuta, egonkortzen eta indartzen ari da urtez urte. Ikus-entzunezko emanaldiak, masterclassak, tailerrak, liburuen aurkezpenak eta beste hainbat jarduera burutu ohi dituzte jaialdiak iraun bitartean, betiere, gai sozialak eta egunerokoan puri-purian daudenak jorratuz.

Irailaren 23ra bitartean ospatuko dute zinema jaialdiaren 2023ko edizioa, eta Isabel Coixet, Santiago Tabernero, Sandra Hermida zein Anna R. Costa izango dira omenduak. Gainera, Sail Ofizialaz gain (fikziozkoak, animaziozkoak, eta lan dokumentalak), Film Labur Nafarren Saila eta NIFF New Generation atalak izango ditu, 18 eta 30 urte bitarteko zinemagile gazteei zuzendutakoa azken hau. Orotara, 45 lan erakutsiko dituzte.

Lurraldean sortutako film laburren emanaldiek emango diote hasiera, 10:30ean NIFF festibalari, hala, ikusgai izango dira ondoko lanak: Alberto Arellanoren Mental Soirée, Natxo Leuzaren Why, Iñigo Floristanen En compañía del viento, Eneko Muruzabal Elezcanoren Polita, Iñaki Alforjaren El vuelo de las libélulas, Javier Celayren Yegua, Maria Monrealen O, Mikel Arraizen Heleno, eta Miguel Angel Iribarrenen Lo dejo cuando quiera.

Arratsaldean, film dokumentalez eta fikzio lanez osatutako sail ofizialari emango diote paso. Bihar, aldiz, animaziozkoak ere eskainiko dituzte goizean, tartean, Sonia Estevezen Txotxongiloa edota Malkoak. Bazkalostean, New Generation ataleko gazte sortzaileen obrak erakutsi ostean, sail ofiziala berrartuko dute.

Larunbatean, azken saioak egongo dira ikusgai, amaiera-ekitaldiaren aurretik. Guztira, 19 sari banatuko dituzte, tartean, Urrezko NIFF sariak kategoria bakoitzeko film labur onenei.

NIFF Industry Hall

Zinemari eta beste arte batzuei buruzko topagunea izan nahi du NIFF Industry Hall-ek. Zinemarekin eta kulturarekin lotutako hainbat arlotan diharduten profesionalekin iritziak partekatzeko aukera eskainiko dute bertan, Belén Galindo kazetariak gidatu eta Joaquín Calderón zinemaldiko zuzendariak koordinatuta.

Gaur bertan, 12:00etan hasita, dokumentalgintza izango dute hizpide, Josu Bilbao ETBko fikzio arduradunarekin, Iñaki Alforja, David Arratibel, Maria Monreal eta Helena Bengoetxea zinemagileekin, eta Quim Torrents errealizatzailearekin.

Hilaren 22an, ordu berean, Jorge Santosek (Triunion Audiovisualo), Carlos F. De Vigok (Dr. Platypus & Ms. Wombat), Lorena Aresek (Dr. Platypus & Ms. Wombat), Toni Garciak (Bernard Animado AIE), Patricia Andradesek (Robot Dreams) eta Marcos Garciak zein Uxue Azconak (Amanece la noche larga) hartuko dute hiza.

Azken egunean, feminismoa ikus-entzunezkoetan izango da mintzagaia. Hizlariak Ixabel Coixet zinemagilea, Santiago Tabernero gidoilari eta zinema zuzendaria, Anna R. Costa gidoilari eta zinemagilea, Virginia Yagüe DAMAko zuzendaria, Lola Mayo gidoilari, irakaslea, eta Maria Castejon kritikaria izango dira.