Vedia Design Studio taldeko kide diren Clara Brionesek eta Antton Ugartek sortu dute irudia, festibal bilbotarrarentzat diseinatutako kanpainaren baitan.
ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 2023an izango duen itxura aurkeztu berri dute. Azaroaren 10etik 17ra bitartean gauzatuko dute 65. edizioa, eta arduradunek azaldu dutenez, “argazkigintzaren eta zinemaren zaleek unibertsalki aintzatetsitako ikur ikoniko bat” dena izango du kartel ofizialean protagonista. Enfokea edo fokatzea, alegia.
Jaialdi bilbotarrarentzako propio diseinatutako kanpainaren garatzaile ere izanik, Clara Brionesek eta Antton Ugartek (Vedia Design Studio) izan dute irudia sortzeko ardura, eta horretarako, ikus-entzunezko sorkuntzaren zerbitzura dagoen tresna baliatu dute, sortzaileek entzuleen arreta haien lanen alderdi jakin batzuetara bideratzeko aukera ematen duena.
Film bakoitzak zinemagile eta artisten “munduaren ikuspegi artistiko eta pertsonal bat” dakarrela iradokitzeko, sormenaren eta prespektiba bakarraren metafora bisual gisa aurkeztu dute sortzaileek kanpaina. Bertan, “kamera baten lente baten enfokea eta horrek testuetan, argazkietan, irudietan edo ilustrazioetan duen eragina bistaraztea” izan dute asmo.
Horrela azaldu dute Brionesek eta Ugartek: “Ikuspegi sortzailea eta ikusizko narrazioaren aukera amaigabeak adierazten ditugu, ikuslearen arreta bereganatzeko esentzia eta gaitasuna azaltzen duen baliabide grafiko baten bidez.”
Vedia Design Studio
Bilboko diseinu eta publizitate estudioetan errotutako Clara Brionesek eta Antton Ugartek sortutako taldea da Vedia Design Studio. Marken, tipografiaren, brandingaren eta argitalpen-proiektuen zale amorratuak izanik, kolorea dute beren lanetan nabarmengarri, sendotasun bisualeko elementu gisa. Jendea hunkitzeko tresna ere bada haientzat.
Harper Collins, Belverdere edota Onay enpresekin partekatu dute beren talentua, baita Doxa, Katz Estudio edo Zerikusi zinema ekoiztetxeekin ere. Gainera, Sierra Sonora, BBK Open Science edo Tribu bezalako jaialdiekin elkarlanean aritu dira eta Angelica Barco, Marina Goñi, La Tapadera edo Last Tourrekin burutu dituzte proiektuak.