Beste urte batez, euskaraz sorturako ikus-entzunezkoen erakusleiho izango da Irudienea gunea Durangoko Azokak iraungo dituen bost egunetan. Dokumentalak, film luzeak, film laburrak, web-telesailak, animazioak, esketxak… dei egin dituzte parte hartzera.

Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza bihurtuko da abenduaren 6tik 10era. Ekoizpenen erakusketaz gainera, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta musika zein antzerki emanaldiak egongo dira, besteak beste.  Kulturzaleei egitarau zabala eskaintzeko asmoz, guneetako antolatzaileak prestaketa lanetan hasi dira, eta bertara proposamenak bidaltzeko aukera zabaldu dute irailaren 15ean. Sortzaile, argitaletxe eta disketxeek hilabeteko epea izango dute euren ideiak aurkezteko.

Talaia, Ahotsenea, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta, noski, ikus-entzunezkoari eskainitako Irudienea guneen artean aukeratu ahal izango dute sortzaileek. Gure interesekoa den azkenari dagokionez, Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira bertan: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak…

Horretarako, Durangoko Azokaren webgunean bildu dituzten argibideak jarraitu beharko dituzue, eta baita bertan topatuko duzuen izen-emate fitxa bete ere. Urriaren 15era bitartean egongo da zabalik epea, eta dagokion arduradunak baieztatuko du zuen parte hartzea.

Azokaren inguruko informazio zabalagoa, HEMEN.