Irailaren 19an Sinéad O’Connor: Nothing Compares (Kathryn Ferguson, 2022) pantailaratuko du Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak. Hilaren 26an, aldiz, White Riot (Rubika Shah, 2019) emango dute. Bi saioak 19:00etan abiatuko dituzte.
“Pasa diren beroen, eurien, jaien eta bestelako parranden ondoren”, zinema eskaintza berreskuratuko du Orbain Kultur Elkarteak irailean. Asteroko dokumentalen proiekzioez gozatzeko aukera eskainiko diete herritarrei, ohi bezala, astearteetan. “Ia beti zirkuitu komertzialetatik eta hainbeste inguratzen gaituzten eta formalizatu eta normalizatu nahi gaituzten mezu ‘enlatatuetatik’ urrun egongo diren gaiei buruz” hausnarketa egiteko asmoz, bueltan da Doku-Mental zikloa.
Sinéad O’Connor abeslariaren bizitza eta itzala aztertzen duen Sinéad O’Connor: Nothing Compares (Kathryn Ferguson, 2022) proiektatuko dute irailaren 19an. Filma estreinatu eta urtebetera zendu da artista irlandarra, 2023ko uztailaren 26an, eta hura omentzeko tartea hartuko dute.
1987-1993 urteetan O’Connorek mundu mailako fama nola lortu zuen erakutsiko du lanak, baina baita ere haren nortasun ikonoklastak eragindako ondorioak. Irlandarrarn jokaera profetiko eta desafiatzailean ardaztuta, aitzindari ausart honen ondareari buruzko hausnarketa egiten du filmak, ikusmolde modu feminista garaikide batetik.
Bestetik, hilaren 26an, Londresko Rock Against Racism (RAR) protesta-mugimendua mintzagai duen White Riot (Rubika Shah, 2019) dokumentala proposatuko dute. 1976an sortu zen mugimendua, Eric Claptonek Enoch Powell arrazistari emandako babesaren erreakzio gisa. Aktibismoak eta musikak bat egin zuten garai hartan, ultraeskuindarren arrazakeria eta berpiztea salatzeko.
Bi saioak 19:00etan abiatuko dituzte, Orbain Kultur Elkartearen egoitzan (Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakia).