20.000 especies de abejas opera primarekin zinema-jaialdietan izandako nazioarteko proiekzioa aitortuko dio euskal komunikazio taldeak zinemagile laudioarrari. Gehienez hiru film zuzendu dituzten Hego Euskal Herrian jaio edo errotutako sortzaileak izango dira urtero banatuko duten sariaren hartzaileak.
Euskal zinemagintzako errealizadore hasiberrien talentua balioan jartzeko asmoz, EiTBk Egile Berriak saria banatuko du aurrerantzean, Donostia Zinemaldian. Estibaliz Urresola izango da lehen aitortua, eta jaialdiaren 71. edizioaren baitan ospatu ohi den Euskal Zinemaren Galan jasoko du 3.000 euroko diru-saria. 20.000 especies de abejas opera primak zinema-jaialdietan izandako nazioarteko proiekzioa goratuko diote laudioarrari irailaren 26an, Victoria Eugenia Antzokian egingo duten ekitaldian. Aurretik, hilaren 22an,2023ko Zinemira saila irekiko du.
Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako filmak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen: Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Ibilbide arrakastatsua itxiz, Berlinen berriz ere garaile izateko aukera du gainera, Europako Zinemaren Akademiak datorren abenduaren 9an banatuko dituen 36. Europako Zinemaren Sara lortzeko aurre-aukeraketan sartu baitute zinemagile laudioarraren opera prima. Gainera, Europako Ikus-entzuleen LUX Zinema Saria jasotzeko hautagaia ere bada.
Sariaren ebaluazio-irizpideak
Euskal ikus-entzunezkoen sektorea eta bertan diharduten zinemagileak babesteko eta sustatzeko konpromisoari eutsiz, EiTBk euskal zinema komunitatearen barruan ekarpen nabarmena egin nahi du Egile Berriak sariarekin. Gehienez hiru film zuzendu dituzten euskal sortzaileek izango dute 3.000 euroko diru-saria jasotzeko aukera. Horiek, baina, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edota Nafarroan jaiotakoak edo errotutakoak izan beharko dira, “haien sinadura duen ekoizpena euskalduna izan edo ez kontuan izan gabe”. Hala, argitu dutenez, nazioarteko zinema ekoizpenetan parte hartzen duten profesionalek aukera izango dute ere aitortza jasotzeko.
Nor saritu erabakitzerako orduan, EiTBk adierazi du zinema-jaialdietan izan duten nazioarteko proiekzioa “funtsezko irizpideetako bat” izango dela, irismena zehazteko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) adostutako barometroak kontuan hartuz. Epaimahaia, EITBko Zine, Komunikazio eta Programa sailetako profesionalek eta adituek osatuko dute.