Dokumentalgintzari eskainitako hitzordu berri bat atondu du Kanaldudek, Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebistak, irailaren 21ean. Altsasu, gau hura (2021) eta Haiek eta gu (2022) dokumentalak izango dira ikusgai, 20:00etatik aurrera, Dokumental Gaua deiturikoan.

2016ko urriaren 15eko zorigaiztoko gauean Altsasuko taberna batean jazotako liskarrak zortzi gazteren atxiloketa eta gizarte oso baten altxamendua eragin zituen. Gertaeren berri izan zutenean, Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus kazetari eta bertsolariak Altsasura joan eta behaketa-ikerketa abiatzea erabaki zuten, ikuspegi intimo eta poetiko batetik, espetxeratzeak eta epaiketak hartu dituen hiru urteetan, hainbat protagonistaren egunerokoa jarraitzeko.

Emaitza, Altsasu, gau hura (2021) dokumentala izan zen: “Nafarroako herri batean gertatutako taberna-liskar bat terrorismo ekintza bilakatuko da. Dokumental honek lehen pertsonan kontatzen du familiek justiziaren alde egindako borroka, muntaia politiko, juridiko eta mediatiko baten kontra”

Bestalde, Euskal Herrira bizitzera etorri diren lau pertsonen lekukotasunak bildu zituen Audrey Hoc zinegileak Haiek eta gu (2022) pieza dokumentalean. Hocine, Merrah, Suong eta Sabrinak bost urte baino gehiago daramatzate Euskal Herrian bizitzen. Nola integratu ote dira? Nolako harremanak dituzte bertako jendearekin?

Datorren ostegunean, hilaren 21ean,  20:00etatik aurrera emango dituzte bi dokumentalak, Kanaldude telebistaren Dokumental Gaua emankizunaren baitan.

Larunbatean, Bañolet

Halaber, hilabetero egin ohi duten bezala, euskal film baten emanaldiak egingo dituzte hainbat larunbatetan. Bañolet (2023), Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Maia Iribarne Olhagarai artistak zuzendutako fikzio parte hartzailearen txanda izango da oraingoan, eta irailaren 9an eta 23an izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera. Orange 358, Bouygues 339, Free 948 eta SFR 496 kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean emango dute.