Donostia Zinemaldiak iraun bitartean egiten den egitasmo paraleloak zazpi saio izango ditu aurten. “Zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatu” eta “bateko zein besteko borrokari ekarpena egin” asmoz, hiriko hainbat gune autogestionatutan piztuko dute pantaila.
2006an Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera lehen edizioa antolatu zutenetik, “erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu” izan da Zinemaldi Alternatiboa (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festibal), eta zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapenaren uztartzea izan ditu helburu urtez urte. Lehen edizioa izan zenetik hiru urteko etenaldia igaro ostean, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxeak berreskuratu zuen, eta etenik gabeko eskaintza eskaini dute ordutik, proiekzioak egiteko hiriko gune eta proiektu autogestionatuez baliatuta.
2023an, zazpi saio izango ditu ekimenak, eta “gizarte-gai eta gatazka ezberdinei buruzko lanak proiektatu eta hauek eztabaidan” jarriko dituzte. Hiriko hainbat herri mugimendurekin elkarlanean, gune autogestionatuetan zein kalean piztuko dituzte proiektorea eta pantaila, “hiri neoliberal honetan, herritarron harreman-espazioak aldarrikatzeko, zinema bitarteko bezala komunitateak josteko eta kultura eraldaketa sozialerako tresna bezala erabiltzeko”.
Besteak beste, Marruma Kulturalak, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako ekimena, edota Añorga Kultur Taldearekin elkarlanean atondu dituzte saioak, eta EHUN mugimenduak etxebizitzaren auziak sortzen dituen arazoak salatzeko, Antiguako Sert plazan egingo duen kanpaldian parte hartuko du Zinemaldi Alternatiboak irailaren 23an, Habitar la utopia filma proiektatuz. Bestalde, Manteo eta Zemoria parkeen defentsan ere azalduko dira, udal gobernuak bertan eraikitzeko asmoa duen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) proiektuak eragingo duen berdeguneen suntsiketaren aurka. Bada, Uliako Auzo Elkarteak abiatu duen Zu gabe, parkeak kentzen dinamikarekin bat eginez, irailaren 29an Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala proposatuko dute.
Jarraian duzue egitaraua:
- IRAILAK 22 | 20:00etan Letaman gaztetxeko terrazan (Intxaurrondo): SEGUÍ, HISTORIA DE UN ANARCOSINDICALISTA (Gonzalo Mateos, 2023)
- IRAILAK 23 | 20:00etan, Sert plazako Akanpadan (Benta Berri): HABITAR LA UTOPÍA (Mariano Agudo, 2014)
- IRAILAK 25 | 20:00etan, Harrobi plazan (Añorga): PEREGRINO MODERNEN OPORRAK (Aimar Uribesalgo, 2021)
- IRAILAK 27 | 17:30ean, EHUko Arkitektura eskolan: CITIZEN JANE (Matt Tyrnauer, 2016)
- IRAILAK 28 | 20:00etan, Txantxarreka gaztetxeko terrazan (Antigua): BERFIN (Özlem Yaşar, 2019)
- IRAILAK 29 | 20:00etan, Manteo parkean (Gros): JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN (Josu Martinez, 2018)
- IRAILAK 30 | 17:30ean, Marruma Elkartean (Gros): BI ARNAS (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022)
Egitaraua aurkeztearekin batera, Zinemaldi Alternatiboak urte t’erdi baino gehiago preso daraman Pablo Gonzalez kazetaria ekarri nahi izan du gogora, eta horretarako, iazko edizioan pantailaratu zuten Vivir la guerra dokumentalaren ostean Oihan Goiriena bere emaztearekin izan zuten solasaldiaren bideoa partekatu nahi izan dute. Ikusgai duzue, HEMEN.
Leave A Comment