Arnasa Gara ekimenak euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehiaketaren edizio berri bat abiatu du. Arnasetik bideosormen lehiaketan parte hartzeko azken eguna urriak 24a izango da.
2022ko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, ARNASETIK bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu berri du Arnasa Gara ekimenak. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia sozializatzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Bada, lehiaketa euskararen arnasgune deituriko horietako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago. 10 eta 16 urte bitarteko gazteak dei egin dituzte parte-hartzera, eta haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea. Iza ere, lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua ere bada gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea.
Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahieran. Lehen edizioan bezala, aurten ere adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanen gaia ezberdinak izanik:
LHko 5. eta 6. mailako ikasleek, esaterako, beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Kontuan izanik, arnasgune asko udalerri txikiak direla, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria da.+
Bestalde, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena.
Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jartzen dituen sormen pieza sortu beharko dute.
Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean trukatu ahal izango da.
Data esanguratsuak
Azaroaren 22an izango da ARNASETIK bideosormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan. Gauzak horrela, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 24a baino lehen jaso beharko dira.
Informazio xehea, hemen.