Etxepare Euskal Institutuak euskal sortzaile eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako banaturiko dirulaguntzen deialdia 2023ko irailaren 14an itxi da, honen zuzkidura agortu delako. Zinema edo literatura modalitateetan jarduten duten profesionalak zein eragileak izan zitezkeen onuradun.
Etxepare Euskal Institutuaren lan-ildo nagusietako bat da euskal sortzaile eta artisten nazioarteko presentzia sustatzea. Bada, bide horretan, Euskal sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzak funtsezko tresna dira atzerrian gure kultur eta sormen sektorearen posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzeko.
Estrategia horren baita kokatu dute iragarri duten deialdia, 2023. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileei nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzak emateko helburuarekin. Bada, 30.000 €-ko diru-poltsa bideratu zuten horretarako, eta hurrengo modalitateetan jarduten duten profesional edo eragileak izan zitezkeen onuradun:
- Zinema: Zinema alorreko eragileak (zuzendari, aktore, ekoizle, gidoigile). Nazioarteko zinemaldietan parte hartzeko dirulaguntzak banatuko zaizkie, horietan beren film luzeren bat aurkeztu edo ordezkatzeko hautatuak izan direnean. Salbuespen gisa, film laburrak onartuko dira, helburu duten zinemaldia FIAPF zerrendakoa bada. Zinemaldi horiek nazioartekotzat jotzeko ezinbestekoa izango da, gutxienez, bost herrialdetako lanak programatzea eta webgunea ingelesez izatea.
- Literatura: Literatura sektoreko eragileak (idazle, ilustratzaile, itzultzaile eta editore). Literatura-alorreko nazioarteko ekitaldietan parte hartzeko dirulaguntzak ematea, horietan libururen bat aurkeztu edo ordezkatu behar dutenean, literatura-sorkuntzaz jardun behar dutenean edo euskal ordezkaritza gisa doazenean.
Iragan martxoan zabaldu zuten laguntza-eskariak egiteko epea, eta oinarriek jasotzen zutenaren arabera deialdia “urte amaierara arte edo dirua agortzen den arte” mantenduko zen irekita. Bada, bigarren aukera gailendu da azkenean, eta zuzkidura amaitu delako itxi behar izan dute irailaren 14ean.