Isabel Herguera zinemagile donostiarraren animaziozko lana Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) 71. Donostia Zinemaldiaren baitan emango duen aitortza jasotzeko finalisten artean sartu dute, Iberoamerikako beste lau ekoizpenekin batera.

Espainiako Lankidetza Saria-zinea

Bederatzigarren urtez, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako film onena sarituko dute Donostia Zinemaldian. Hautagaien artean, espainiar lurraldean zein Portugalen ekoiztutako proiektuak barneratu ohi dituzte ere, Sail Ofizialean, New Directors edo Horizontes Latinos sailetan parte hartzen dutenak.

Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren menpe dagoen Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) bultzatutako ekimena da Espainiako Lankidetza Saria, eta aurten, bost dira finalistak. Tartean, Sultanaren ametsa (Isabel Herguera) animaziozko ipuin feminista. Sortzaile donostiarraren opera primak Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladylan mundu utopikoaren istorioa kontatzen duena.

Lehiakide izango ditu Urrezko Maskora ere eskura dezakeen María Alché eta Benjamín Naishtaten Puan (Argentina-Italia-Alemania-Frantzia-Brasil), Javier Macipek New Directorsen aurkeztuko duen La estrella azul / The Blue Star (Espainia -Argentina), eta Horizontes Latinosetik datozen Tatiana Huezoren El eco / The Echo (Mexiko-Alemania) eta Felipe Gálvezen Los colonos / The Settlers (Txile-Argentina-Erresuma Batua-Taiwan-Frantzia-Danimarka-Suedia).

2023ko Espainiako Lankidetza Sariaren irabazlea irailaren 30ean jakinaraziko dute, Kursaal aretoan egingo den Donostia Zinemaldiko amaiera-ekitaldian. Aitortza nori eman erabakitzeaz Enric-Sol Brines i Gómez AECIDeko Komunikazio zuzendaria, Perun bizi eta lan egiten duen Xabier Díaz de Cerio kazetari donostiarra eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen departamentuan teknikari den Ana Garayalde arduratuko dira.