GEHITU elkarteak antolatuta, ekoizpen- eta programazio-dinamika berriak partekatzeko tailerrek, mahai-inguruek eta bilerek osatuko dute irailaren 25etik 27ra gauzatuko duten programa.
71. Donostia Zinemaldiaren baitan, Argentina, Txile, Espainia, Mexiko, Paraguai, Peru eta Uruguaiko 16 zinema-jaialditako programatzaileak hirian elkartuko dira festibalak iraun bitartean. Izan ere, GEHITU – Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak antolatutako LGTBIQA+ Iberoamerikako Zinema Jaialdien IX. Topaketan hartuko dute parte, irailaren 25etik 27ra. Ekimenak Zinemaldiaren, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka, Mugen Gainetik elkartearen eskutik.
Gonbidatu eta hizlariei harrera egin ostean, hilaren 26an abiatuko dituzte jarduerak. Ekoizpen- eta programazio-dinamika berriak partekatzeko tailerrek, mahai-inguruek eta bilerek osatuko dute programa, eta topaketen azken egunean Industria Kopa banatuko dute.
Industria inklusibo eta anitzagoa lortzeko estrategiei buruzko hausnarketa hartuko du enkontruko lehen mahai-inguruak, San Telmo Musoan, eta bertan, disidentzia sexualen lan-prozesuak eta irudikapena eztabaidatuko dira, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalen esperientzietan funtsatuta. Anaís Córdova-Páez zinemagile eta ikertzailea izango da moderatzailea, eta Bruna Haddad eta Alice Stamato ekoizleek eta Carolina Robledo Asunciongo Lesbigaytrans Zinemaldiko programatzaileak hartuko dute hitza.
Ostean, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, Creative Diversity Network-eko zuzendari exekutibo eta aniztasun-gaietarako aholkularia den Deborah Williamsek Programmers of Colour Collective (POC2) kolektiboa aurkeztuko du.
Tailerrei dagokienez, zinema jaialdi bat LGTBIAQ+ kultur ekitaldi nola bilakatzen den aztertzen duen kasu praktikoa azalduko dute, batetik; aldiz, LGTBIAQ+ jaialdietan telesailak programatzeari buruz ariko da solasean Paul Arroyo Crossover Series jaialdiko zuzendaria.
Arratsaldean, Latinoamerikako zinema-institutuetan pertsonak sexuaren, generoaren, sexu-identitatearen, irisgarritasunaren eta etniaren arabera identifikatzeko aukera emango duten eredu gisako galderen azterketaren ondorioak onartzeko bilera berezi bat hartuko du Kutxa Kultur Kluba aretoak. Iberoamerikako Ikus-entzunezko eta Zinemako Agintarien Konferentziak (CAACI) aurkeztuko du saioa.
Ezagutu LGTBIQA+ Iberoamerikako Zinema Jaialdien IX. Topaketaren egitaraua, HEMEN.
Leave A Comment