Berdintasuna lortzeko borroka, aniztasun funtzionala, askatasun-gabezia, indarkeria instituzionala eta bestelako hainbat gai sozial jorratuko dituzte 2023ko edizioko film labur luze eta ikuskizunek. Saio guztiak 19:00etan abiatuko dituzte, Bilborock aretoan, eta sarrera doan da.
Balio eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza eta sorkuntza artistikoa zein ikus-entzunezkoa uztartzen dituen zikloa da Gizazinea, Bilboko Caostica kolektiboak antolatutakoa. Gaurkotasun-gaietara hurbiltzeko bidea irekitzea da programaren helburua, eta aurten ere, haka eutsiko diote, irailaren 13tik 17ra bitartera atondu duten egitarauan.
Ohi bezala, Bilborock aretoan, zinearen, arte plastikoen, musikaren edo literaturaren bitartez askotariko gaiak jorratuko dituzte, eta bertaratu nahi dutenek doan egin dezakete. Atzo bertan, Interactions. When Cinema Looks to Nature film kolektiboaren proiekzioak eman zion hasiera 13. edizioari. ART for The World erakunde suitzarrak proposatutako nazioarteko hamabi errealizatzaile dira zuzendariak, eta “gizateria gisa naturan eragin ditugun ondorioen inguruan eztabaida masiboa sortzea” du proiektuak erronka. Bada, emanaldiaren ostean, Greenize startup-eko Antonio Cañas kidea gonbidatu dute hausnarketak partekatzera.
Gaur, jarraipena izango du Gizazineak, eta 2019ko Cannesko Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen Atlantique (Mati Diop) pantailaratuko dute. Dakarreko langile batzuk etorkizun hobe baten bila itsasoratzen direnean hasiko da filma, eta mendeku-istorio ilun bezain politikoan bilakatuko da. Firekutzen Emakumeen Elkarteko kide den Jatou Fallek emanaldiaren osteko solasaldian parte hartuko du.
Hilaren 15ean, Las compañeras tienen grado (María Inés Roque eta Guadalupe Miranda, 1995) film laburra eta Work in Progress egoeran dagoen La Punta de lanza (Artista eta Komunikatzaile Independenteak) proiektua ikusi ondoren, EZLN. UNA MONTAÑA EN ALTAMAR topaketa gauzatuko da. Lumaltik Herriak eta Txiapasekin elkarteko kideekin batera, Ricardo del Condek parte hartuko du hizketaldian.
Aldiz, irailaren 16an, Playground (Laura Wandel, 2021) fikziozko lana eskainiko dute Bilborocken, baina ez da eguneko hitzordu bakarra izango. 20:30ean, Show Must Go On antzezlanaz gozatzeko tartea egongo da, lehenik, eta La voz en contra kontzertuaz, gero. Laura Sam poeta eta rap-kantariak eta Juan Escribano musikariaren proiektu berezia da honakoa.
2023ko Gizazinea zikloa agurtzeko, hilaren 17an, gai sozialak jorratzen dituzten film laburren saioa atondu dute: Dispatchers (Aitor Padilla), Solo (Alberto Gross), Arrailak – Maite Larburu (Oskarbi Berebide Sein), La loca y el feminista (Sandra Gallego) eta Vatios (David Perez Sañudo).
Ezagutu egitaraua osorik, HEMEN.
Leave A Comment