Donostiako Udalak Zinemaldiko pelikulak ikusteko 1.000 gonbidapen banatuko ditu langabetuen artean. Gaurtik, irailaren 13tik, 15era bitartean eska daitezke, udalaren webgunean, 010 telefonora deituta edo Udalinfoko bulegoetan hitzordua eskatuta.

Argazkia: Donostia Zinemaldia

 

Ezin ukatu Donostia Zinemaldia hiria astindu eta mobilizatzen duen ekimena denik. Hiritar asko blaitzen ditu zinemaren olatuak, eta ohi baino beteagoak egoten dira areto eta antzokiak. Izan ere, beste ezer baino gehiago, Zinemaldia elkargune bat da. Ideia, pentsamendu, ikuspegi, errealitate eta begirada orotarikoak ezagutzeko plaza. Plaza delako, hain zuzen, irekia behar luke, denon eskura.

 

Oraindik guztiz irekia ez den sarbide hori errazteko-edo, Donostiako Udalak hiriko langabetuen artean 1.000 sarrera banatzeko konpromisoa hartu du aurten ere. Gonbidapenak Sail Ofizialeko (K1) filmetarako, belodromoko filmetarako eta belodromoko kontzertu proiekziorako sarbidea emango dute.

 

Hala, horiek eskatu ahal izateko ezinbestekoa da langabezian egotea, Donostian erroldatuta egotea eta 18 urtetik gorakoa izatea. Udalinfok datuak egiaztatuko ditu eta, ondoren, sarrerak Arrokako Udalinfo bulegoan (Arroka plaza 5) jaso ahal izango dira. Bertan, nortasun agiria eta langabezia ziurtagiria aurkeztu beharko dira.