Euskal ekoizpena duten filmak, nazioarteko telesailak, kirol, sukaldaritza zein musika saioak, eta haurrentzako edukiak hartuko ditu zerbitzuak, ia denak euskaraz edo euskal azpidatziekin. Guztira, 3.000 atal baino gehiago, doan.
Euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berriak badu jaiotza-data. Irailaren 15ean (ostirala), “mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria” eskuragarri egongo da www.primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan eta Google Play eta iOS gailuetako store-etan Primeran hitza bilatuta. Euskal parte hartzea duten ikus-entzunezko proiektuek zein nazioartekoek osatuko dute doakoa izango den eskaintza, ia denak euskaraz edo euskal azpidatziekin. Guztira, 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai, eta zerbitzurako propio sortutako edukiak ere hartuko ditu.
Lehen estreinaldi handia irailaren 28an iritsiko da, Donostia Zinemaldiko EiTB galan aurkeztuko duten Itxaso (Antonio Díaz Huerta) thrillerrarekin. Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza ditu protagonistak telesailak. Porno Belaunaldia (Generación Porno) dokumental saila ere euskaraz izango da ikusgai aste honetan bertan, telebistan gazteleraz estreinatu baino astebete lehenago.
Fikziozko film luzeei dagokienez, besteak beste, El vasco (Jabi Elortegi, 2022), Errementari (Paul Urkijo, 2028), Nora (Lara Izagirre, 2020) eta Bazen behin Euskadin (Manu Gomez, 2021) lanak barneratuko ditu plataformak, eta Izaro: Limoiari Eztia (Izaro Andres Zelaieta eta Ander Merino Etxebeste, 2022) eta Iribar, atezaina (Oier Plaza, 2023) dokumentalak.
Lau haizetara zabalduz
EiTB komunikazio-taldearen apustuak Euskal Filmategia du partner nagusi, eta azaldu dutenez, “plataformak euskal sorkuntzari eta kulturgintzari lotutako edukiengan interesa duten eragile guztien parte hartzea ere bilatzen du”. Bada, lankidetzak aurreikusi dituzte: “Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat pelikularekin eta TOKIKOM tokiko komunikabideen elkartearen edukiekin ere abiatuko du ibilbidea plataformak”.
Egun, euskarazko kalitatezko edukiak dituen plataforma digitalik handiena da Primeran, eta mundura zabalduko duen komunikazio kanpaina batek emango du ezagutzara. Bada, irailaren 13an, Gasteizko Plaza Berritik globo bat espaziora jaurtiko dutela aurreratu dute arduradunek, erronka sinbolizatuz. Plataforma berriaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek.