Getxok 2023ko urriaren 20, 21 eta 22eko asteburuan jazoko duen film labur express-festibalak bere deialdia zabaldu berri du. Lehiaketa guztiz inklusiboa denez, parte-hartze plaza kopuru itxia (25) izango du muga bakarra.

Izena emateko aldia urriaren 6an bukatuko da. Eskuragarri dauden plazak (25) bukatu arte onartuko dira izen-emate guztiak. Ondorioz, antolakuntzak ikusten badu aurretik aipatutako eguna baino lehen parte hartzeko plazak bete direla, izen-emate aldia bukatutzat eman ahal izango du.

Film laburrak burutzeko denbora jakin bat eta data zehatz bat izango dituzte parte-hartzaileek: Jaialdiaren asteburua (2023ko urriaren 20tik 22ra), 42 orduko denbora mugarekin. Denbora hori ostiralean, urriak 20, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta igandean, urriak 22, eguerdiko 12:00etan bukatuko da.Film laburrek jorratu beharko dituzten gaiak grabazio egunean bertan jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei, hau da, 2023ko urriaren 20ean, arratsaldeko 18:00etan, Muxikebarrin.

Aurkeztutako lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira; hroietan agertuko diren musika eta irudi guztiak originalak izan behar dira, eta egile-eskubidetik aske egon behar dute. Halaber, azaldu dute laburrak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango direla, eta gehienez ere 4 minutuko iraupena izan beharko dutela, derrigorrezko karetak, izenburuak eta kredituak barne. Era berean, aurkezten diren lanetan, jaialdiaren egunean bertan antolakuntzak proposatutako Getxoko bi leku gutxienez agertu beharko dira eta talde bakoitzak film labur bakarra aurkeztu ahal izango du.

GetxoExpress-en helburu bat parte-hartzaile guztiei aukeren berdintasuna eskaintzea da eta denbora mugatua izanik hauek haien argitasuna, sormena eta originaltasuna erakutsi beharko dute. Jaialdiaren oinarriak eskuragarri daude jada haien webgunean.

Ba al dakizu norekin parte hartuko duzun? Has zaitez taldea antolatzen! Zuek izan ahal zarete GetxoExpress-en irabazleak eta 1.000€-ko saria irabazi, aurrera!